Talaieroa

Zilbor hestea

27.10.2020 | 11:59
Erramun Osa.

Gaur egungo gizarteetan bizi diren pertsona batzuen ezaugarrietako bat dugu beste ezer eta edozeinen gainetik norbera lehenestea, hain zuzen ere. Berdin digute osasun-agintarien zein adituen eskeek eta gomendioek, erietxeak betetzen joateak, pertsonak hiltzeak edo gaixotzeak... Lehengoan, ezer gertatuko ez balitz bezala, segitu behar dute batzuek kosta ahala kosta, pertsonen, osasunaren, hezkuntzaren, enpleguaren edota ekonomiaren gainetik zein azpitik. Ezin da bestela ulertu debekuen zain egoteko batzuen jarrera, bai eta ezartzen direnean, horiek saihesteko jokabidea ere. Munduan bakarrik bizi direlakoan ari dira. Hori bai! Esan dezagun, bidenabar, gehiengo zabalaren ahaleginean aupatuta bizi direla.

Izurritearen datuak goraka doaz eta norabide kezkagarri horri buelta emateko modurik ez dugu aurkitzen, eta gure udalerriak gorriz margotzen ari diren bitartean, udalerri horien alboan dauden bestelako herriak jendez betetzen ari zaizkigu, gorrizta bilakatzeko bidean, izurritearen hedatzea areagotuz. Alperrik izaten ari da ehun mila biztanleko tasarik altuenak dituzten udalerrietatik ez irteteko emaniko gomendioa, jendea hortik ateratzen ari baita, inguruko herrietako eta landa-eremuetako espazioak bete-tzera. Izan ere, zertarako gomendioei kasu egin, zergatik desirak mugatu, albokoak egiterik badauka, nik neuk ere bai! Eta aitzakia hori baliatzerik ez banu ere, berdin dio, nahi dudana, dezakedan guztia egiteko borondate irmoa daukat eta.

Gizartearen erantzukizunari heltzeko ordua da, norberaren zilborrari, apetei bainoago... Edo denok barruratzen dugu ahalegin kolektiboa egin behar dugula, geure burua eta lagun hurkoarena zaindu behar dugula, elkar zaindu behar dugula... Edo erietxeak eta hilerriak etenik gabe betetzen joango dira, sufrimendua hedatzen eta ekonomia hondatzen, akaberarik izango ez duen galbide kolektiboa batean. Ordu txikietan, kalean, zergatik ezin dudan edan galdetu baino, esan dezadan zer egiteko prest nagoen izurriteari galga jartzeko, ni eta ingurukoak zaintzeko.

Izan ere, gehiegi entzuten ari gara medikuek bitartekoak behar dituztela, agintariek erabakiak hartu eta gutxiegitan jartzen ari gara medikuei laguntzeko erarik eragingarriena osasun-agintarien jarraibideei kasu egitea dela, distantzia fisikoa zainduta, harreman-sareak murriztuta, maskara jantzi eta garbitasun neurriak indartuta. Horixe delako bidea, ahulenak, zaurgarrienak babesteko, erietxeak ez betetzeko eta normaltasun berrira iristeko ere. Jaiotzeko ginela, zilbor-hesteak amarekin lotzen gintuen gisa berean, orain, gizarte-erantzukizunak, elkartasunak, auzolanak lotzen gaitu inoiz galdu ezin dugun bizi-itxaropenarekin.