Justizia ez zaie herritarrei berdin aplikatzen. Boteretsuenek baitituzte heldulekuak prozesuak luzatzeko eta trabak nolanahi jartzeko, eta horrek, ba-tzuei buruz ari garenean, halako ukiezintasun-sentsazioa zabaldu du herritarren artean. Horri, denboran, beharbada, bitarteko faltagatik ?prozesuak neurririk gabe luzatzeko eta gizarteak edozein kontu epaitegietara eramateko? orokortu diren joerak gehitu behar zaizkio. Beraz, garrantzi handikoa da egungo justizia sistemaz gogoeta sakona egitea eta aterabideetan asmatzeko zein sistema bera eraberritzeko, adostasun politiko berriak hezurmamitzea.

Epaileen gobernu organo gorena berritzeari buruz muntatu den sestra, ahari-topeka ari diren korronte politikoen arteko botere-goseak eragindako gatazka da, justiziaren arazoak aintzat hartu gabe, bestelako interesak barruratzen dituena. PPk bere irizpideak epaileen bidez ezar daitezen lehendik iltzatuta daukan gehiengoari eutsi nahi dio. Aldiz, orain gobernatzen ari direnek bestelako gehiengoa islatzea nahi dute, hartzen dituzten askotariko erabakien galga-jartzaile epaileak izan ez daitezen.

Inguruabar horretan, halako organo bat berritzeko orduan, adostasun politiko eta sozial zabal baten isla gisa, gehiengo indartuaren kontuari eustea garrantzitsua litzateke, bidenabar, epaileen goreneko organoa dinamika politikoaren morron-tzatik askatzeko ahalegina eginez... baina PP alderdiaren jarreragatik, gehiengo indartuaren formula erabiliz organo hori berritzeko modurik ez balego, bestelako bideak jorratu beharko lirateke, albait arinen. Hori bai, epaileen egiazko independentzia nahi eta bilatzen dutenek ezin diote ukorik egin oinarrizko printzipioari, alegia, morrontza politikorik gabeko eta herritarrengandik hur egongo den goi organoa gaurkotzeari eta eraberritzeari.