Herritarren interesetan bainoago, politikaren putzuan aurkitu beharko ditugu halakoetarako azalpenak! Izan ere, EH Bilduk, Madrilen gobernatzen ari direnen homologazioa eta sozialisten nolabaiteko igurtzia behar-beharrezkoak ditu, paparra atera eta solaskide normalizatu moduan aitortza jasoko badu. Edukia gutxienekoa da, beste toki batzuetan aldarrikatzen duenarekiko sekulako aldea izatea ere bai... eta estrategia horretan zenbait bidelagun baditu, Eusko Jaurlaritzari sekulako kritikak eta beste toki batzuetan, askozaz helduleku eskasagoak tartean direla, nabarmentzen ez direnak!

Berriki entzun diot sindikatuen artean gure artean ordezkari-tzarik zabalena daukan ELAko sindikatuko buruari zerga-sistema ukitu ezean, murrizketak egingo direla, bai ala bai! Horrela, zerga-sistemaz ari denean, zertaz ari da? Lana dutenei atxikipenak gehitzeaz, beraz, langileek hilaren bukaeran izango dituzten baliabideak murrizteaz? Ezinean dauden enpresak edo autonomoak are gehiago izorratzeaz? Kontsumoa zigortzeaz? Eta, sistema horren bidez lor daitezkeen bitarteko gehigarriak non erabili nahi ditu? Herri-erakundeetan diren langile-kopuruak gizentzen eta beraien baldin-tzak are gehiago hobetzen, lehen egiten zena egiten segi-tzeko, hori bai bitarteko are gehiago xahutuz? Nago sindikatuak sektore jakin batean hobekuntzak iradokitzen dituztenean, bidenabar, hobekuntza horiek noren (gurasoak, zerbi-tzuen erabiltzaileak edota herritarrak, orobat) edota zeren bizkar erdietsi nahi dituzten azaldu beharko luketela, denok jakin eta horren arabera joka-tzeko modua izan dezagun.

Uste dut ez garela datorkigunaz konturatu nahi edota demagogia merkean ari garela. Diru-bilketan, horren denbora laburrean, inoiz izan dugun jaitsierarik handiena izaten ari gara eta lehengo mailara ez gara hiruzpalau urtetan berriz iritsiko; daukagunari eusteko eta zerbitzu gutxi batzuetan hobekuntzak egin ahal izateko, zorra jaulki beharko da aurten zein datozen urtetan, ostean, berriz ordaindu beharko direnak; jendea lana galtzen ari da eta lanpostuen galerak datozen hiletan segituko duela itxura guztia du eta abar... Beraz, hobe genuke errealitatean oina jarri eta adostasunaren zein lankidetzaren bidez aurre egiten saiatzen bagara. Harmailetan jesarri eta inolako aurrerabiderik ez daukaten aldarrikapen eta diskurtso antzu eta nahasgarrietan denbora eman baino.