Gero eta erakunde gehiago ari dira larrialdi klimatikoaren gaia azpimarratzen, bai eta gertakari horri aurre egiteko erabakiak hartzen ere. Tamalez, ez gara, ordea, larritasunak eskatzen duen irmotasunarekin eta bizkortasunarekin erantzuten ari. Besteak beste, garapen bidean dauden lurraldeek egoeraren erantzule ustez aurreratuak diren nazioak jotzen dituztelako, haien garapena ahalbidetzeko lurralde batzuetatik besteetara teknologiaren transferentzia eskatzen ari direlako eta gehien kutsatu eta kutsatzen ari direnen engaiamendurik igartzen ez dutelako.

Kontuak kontu, orain arte adostutakoetan ez gara era esanguratsuan aurrera egiten ari. Horrela, ekonomian, garapenean eta gizateriaren bizi-baldintzetan aldaketa nabarmenak gertatu ezean, hondamendi klimatiko baterantz goaz inolako galgarik jarri gabe. Hondamendi horren hainbat adibide baditugu. Alde batetik, biztanleriaren kopuru arras handia kostaldean bizi da. Aitzitik, berotegi efektuaren bidez, kostaldearen zati esanguratsua emeki-emeki urpean geratuko da edo itsasoaren enbatak kolpatuko du eta, gero eta sarriago, jendea lekuz alda dadin bultzatuko du.

Beste aldetik, lurra neurriz gaindi ustiatzen ari gara. Lur eremu zabalak hondatzen ari gara, dela animalien ustiatze intentsiboa baliatzeko, dela errentagarritasun handiko landare espezieak landatzeko... bidenabar, aniztasun biologikoa murrizten eta hezeguneak lehortzen ari gara. Azkenik, gure jardunaren eraginagatik, berotegi efektua areagotzen ari da, sikateak lur eremu zabalei eragiten die eta jende andana lekuz aldatzera behartuta dago. Munduan, inoizko migrazio mugimendurik handiena jazo-tzen ari da, hirietara, nora eta, ustez, aurreratuagoak diren lurraldeetara.

Egoeraren aurrean egin daitekeen gauzarik okerrena ebidentzia ukatzea eta orain arte egin dugun bidean sakontzea da, bai eta hondamendia balia-tzea ere, orain arte ustiatu gabe egon diren eremuak basamortu lagatzeko. Bizimodua aldatu behar dugu albait arinen, ostatu eta aterpe ematen dizkigun Lurra zaintzeko neurriak hartuz, neurriz kanpoko kontsumoa apalduz, mugitzeko ohiturak eraldatuz, gure eragina txikiagotzeko teknologiaren transferentzia eginez... azken finean, orainean, mementoan baino geroan pentsatzen hasi behar dugu, etorkizunean datozenenek bizitzeko toki aproposa izan dezaten. Horrek erakutsiko baitu bizirik irauteko, era orekatuan garatzeko ala geure buruaz beste egiteko gauza garen, hau da, benetan adimentsuak ote garen!