Aurreko astean, asteazkenean, Sabino Arana Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren eskutik, artikulu honen izenburu bera izan zuen jardunaldi esangura-tsua egin zen Bilbon. Bertan, herri-erakundeetan dauden asmo berriak, ezagutzatik erabilerarako jauzia egin ahal izateko helduleku sendoak eskaintzen dituztenak, bai eta gizarte zibileko elkarte eta erakunde ba-tzuetan egiten ari diren gogoetak ere buruz buru ezagutzeko parada izan genuen, besteak beste, Euskaraldiak datorren urtean izango dituen ezaugarri berritzaileak.

Pasa den mendeko hirurogeiko hamarkadan, diktaduraren pean, eragozpenak ugariak zirenean eta ia inolako babesik ez zegoenean, euskararen gainbeherari buelta emateko, garrantzitsuak bihurtu diren oinarrizko azpiegiturak indartu eta sortu ziren. Horien artean, Ikastolak, helduen alfabetatze mugimendua -gerora, euskalduntzea barruratuko zuena-, hedabideak, kulturaren susper-tzea, euskararen batasuna eta abar. Diktadurak ezarririko giro itogarriari auzolanaren bidez aurre egin zitzaion, askotariko borondateak egitasmo desberdinetan ehunduz eta iltzatuz.

Gerora, laurogeiko hamarkadan, autogobernuko erakundeak berreskuratu eta gutxira, herrigintzatik zetorren olatuari herri-erakunde esanguratsuenen ekimen indartsua gehitu zitzaion, olatu horri eragin biderkatzailea gehituz eta beste dimentsio bat emanez. Orduko hartan, ia erabateko lehentasuna hiztun kopuruaren etengabeko galera emendatzea izan zen. Ezinbestekoa baitzen, gutxieneko dentsitate demolinguistikoa bestelako politikei ekiteko zein bestelako helburuen peskizan jardun ahal izateko. Beharbada, emaitzak eurak ere are esanguratsuagoak izango ziren, indarkeria tartean egon izan ez balitz, setakeriak bazterrak lorrindu izan ez balitu, auzolana ahuldu zuen politika erdigunean jarri izan ez balitz... Eta abar. Baina horrek ez dauka atzera-bueltarik. Orain beste agertoki batean gaude.

Indarkeria iraganeko kontua da, nahiz eta oraindik, tamalez, zenbait adibide txar agertzen zaizkigun... Euskara jakitetik erabilerarako jauzia egiteko adostasun soziala, berriz, gero eta zabalagoa da. Kontua da, halako jauzi bat egin ahal izateko, adostasun hori bilbatzea eta jarraibide zehatzetara eramatea, adostasun horren zorua politikoki zabaltzea eta norabide horretan auzolanaren ideia berreskuratzea eta indartzea ezinbestekoak direla. Tamalez, euskara berreskuratzeko zutoin garrantzitsuak diren hezkuntza-eragileak despistatuta ikusten ditut. Ereduei buruzko eztabaida zaharkituan murgilduta eta kateatuta, duela ia hogei bat urteko bibliografia tekniko-zientifikoak jada aurreratzen zituen emaitzen arrazoietan eta aurrera begirakoetan asmatu ezinda.