OPA txapelketako bigarren finalari ekingo deutso Athleticek hamabost egunen buruan eta ezin esan talde zuri-gorria unerik onenean iritsiko danik Bartzelonaren aurkako norgehiagokara. Realaren aurka jokatu aurretik, danok konfian-tza handia geunkan Marcelinoren taldean eta edozein aurkariri irabazteko gauza zala uste genduan, superkopan egindako balentria oinarritzat hartuta. Lehen kopa finalean ikusitako joko negargarriak, baina, zalan-tza ugari sortu ditu taldearen inguruan. Athleticek sei partidu daroaz garaipena eskuratu barik eta Granadaren aurka irabazi eban azkenengoz, martxoaren 7an. Garbi dago Marcelino efektuak indarra galdu dauela. Beraz, esan beharrik ez dago Bartzelonaren aurkako finalean garaile izatea benetako ezustekoa izango litzatekeela. Superkopeari ekin aurretik gengozan moduan gagoz: inork ez dau txakur txiki bat be emoten zuri-gorrien alde. Orduan bere ez, eta Athleticek menderatu egin ebezan Real Madrid eta Bartzelona, guztion harridurarako. Realaren aurka euki eban faboritotasunak ez eutson mesederik egin. Ia oraingoan, zuri-gorriek beste ezusteko bat emoten daben.

Final baten aurretik gertatutakoak ez dauela ezertarako balio erakutsi deusku Athletic eta Realaren arteko finalak. Ustez, ondoen lehiatzen zekien taldeak aspaldiko urteetako partidurik txarrena egin eban, erantzunkizunaren zamea astunegia izan ebalako. Horixe esan eban entrenatzaileak behintzat. Aurretikoek ez daukiela garrantzirik dinot, Bartzelonaren aurkako finala irabazteko aukerak bizirik mantendu gura dodazelako. Izan be, Athleticek ezustekoak emon deuskuz aurten jokatu dituen final bietan. Ezustean irabazi eutsen Real Madrid eta Bartzelonari superkopan eta ezustean galdu eban Realaren aurka partidu negargarria eginda. Hirugarren ezustekoa baino ez da falta, Bartzelonari irabaztea datorren zapatuko finalean.

Marcelinok sarritan esan dau ez dala atxakiak erabiltearen lagun. Alavesen aurka, baina, atxaki moduko argudioak erabili ebazan, taldearen irabazteko ezina zuritzeko. Taldeak golak sar-tzeko arazo itzelak dituela esatea ez da kontu barria. Aduriz joan zenetik dauka zama hori talde zuri-gorriak. Entrenatzaileak zapatuan esandakoaren arabera, denboraldia zapatu honetan amaituko da Athleticentzat. Izan be, taldeak ez ei dauka zereginik liga txapelketan. Marcelinori lehenengoz entzun geuntson esaten bere taldeak ez daukala gaitasunik txapelketa bitan lehiatzeko. Garitanoren taldeak hamar jardunaldi egin ebazan igaz irabazi barik, kopako finalerako bidean murgilduta ebilela eta gurutzean josi genduan. Kontuak kontu, Marcelinoren taldeak hiru garaipen bakarrik lortu ditu ligan, hamahiru partidutan eta, atxakiak atxaki, estadistika hori ez da bape ona.

Gauza bat argi daukagu: Athleticek aurreko finalean baino hobeto jokatuko dauela Bartzelonaren aurkakoan, ezinezkoa da-eta partidu txarragoa egitea. Taldeko gizon garrantzitsuenek, Muniain, Raul Garcia eta Williamsek, besteak beste, huts egin eben Realaren aurka eta ezin dabe gauza bera egin datorren zapatuko finalean. Zuri-gorriek badakie zein dan bidea Bartzelona menderatzeko. Atxaki guztiak alde batera itxi eta Athletic onena behar dogu zapatuan La Cartujan, eta Yeray eta Yurigaz bada, hobeto. Hori bai, finala irabazteko bidean Marcelinoren taldeak ez dau behar zale pilaketarik Lezaman agur esateko, ezta Bilboko kaleetan be partiduaren egunean.