Gauzak okertzen hasten diranean oso gatxa izaten da barriro arteztutea. Athletic dinamika negatiboan murgilduta dago liga txapelketan eta partiduak joan eta partiduak etorri zuri-gorriak ez dira gauza garaipenaren bidera itzultzeko. Oso kezkatuta dagoala dino Gaizka Garitanok eta badauka motiborik holan egoteko. Izan be taldeak bederatzi jardunaldi daroaz irabazi barik, hiru porrot kateatu dauz eta gol bakarra sartu dau horretan partiduetan. Esan beharra dago emaitzek ez dabela erakusten taldeak bedartzan egindako lana eta kasu askotan agertutako nagusitasuna. Baina futbolean gola da errege eta Athleticek arazo itzelak ditu aurkarien atea zulatzeko, are gitxiago Iker Muniain zelaian ez badago. Gaizka Garitanoren taldeak lehenbailehen hausi behar dau bolada negatiboa, hainbeste denbora irabazi barik egon izana zama astunegia dalako jokalarientzat.

Athleticek ez eban galtzea merezidu Osasunaren aurka, inondik eta inora bez. Jagoba Arrasateren taldeak, baina, gol bat sartu eban -behin bakarrik hurreratu ziran nafarrak Unai Simonen ate ingurura- eta zuri-gorriak ez ziran gauza izan Sergio Herreraren atea zulatzeko, aukera garbiak izan arren partiduaren azken txanpan. Argi eta garbi. Holako egoeratan, ganera, zorteak be ez dau laguntzen eta baloiak aurkariaren ateko zutoinetara joaten dira sareetarako bidea hartu beharrean. Eta hori gitxi balitz, jokaldi eztabaidagarrietan epaileak eta VARak aurkariaren alde egiten dabe.

Garitanok gustoa hartu deutso hiru zentralegaz jokatzeari. Etxetik kanpoko partiduetan hasi zan sistema hori erabilten eta antza gustora geratu da ze San Mamesen be Yeray, Nuñez eta Iñigo Martinez batera zelairatzen hasi dalako. Holan jokatuta, taldea sendotu egiten dau -bost gol jaso dabez azken hiru partiduetan- eta hegaleko jokalariek askatasun osoa daukie erasora joteko. Bide batez, ganera, zelai erdiko ezker hegalean taldeak daukan hutsunea beteten dau. Aurkariek, baina, badakie zelan erantzun Athleticek sistema horregaz jokatzen badau. Jagoba Arrasatek aitortu egin eban bost atzelarigaz jokatzea erabagi ebala Athleticek be holan jokatuko ebala jakin ostean. Capa eta Berchicheri bidea zarratuta, etxeko taldeak ordubete luze behar izan eban hiru zutoinen artera jaurtitzeko. Iker Muniainen hutsunea gehiegi igarri eban taldeak erasoko jokoa sortzeko orduan. Beste alde batetik gatxa da ulertzea markagailuan galtzen joanda hiru zentraleko atzealdeari eutsi izana.

Azken hogeta zazpi puntuetatik bost bakarrik lortuta, argi gorria biztuta egongo zan edozein taldetan. Hemen, baina, kezkatuta egon arren ez dogu konfiantzea galdu Garitanoren taldean. Ukaezina da Kopa txapelketako partiduetan egindako esfortzuak eragin zuzena euki dauela Ligako norgehiagoketan. Athleticek jokatzen dauen moduan jokatu ahal izateko, jokalariak bizi egon behar dira eta une honetan nekatuta dagoz. Horregaitik, hurrengo aste bietan partidu bi bakarrik jokatzea ondo etorriko jake, Berchiche, Capa, Raul Garcia eta enparaueri.

Unai Vencedor gaztearen debuta izan da Osasunaren aurkako partiduak emon deuskun albisterik pozgarriena. Errekaldeko jokalariak 19 urte ditu eta orain dala hiru denboraldi heldu zan Lezamara Santutxu taldean jokatu ostean. Jokalari sendoa eta lehiakorra, oso lehiakorra da. Vencedor, Sancet eta Villalibre zelaian ikusteak poztasun ikaragarria eragin behar dau Athletic zaleengan.