Beste balorazino batzutan sartu aurretik, argi euki behar dogu ezin dala ondorio handiegirik atara hirugarren mailako talde baten aurka jokatutako partidutik, lehiakide bien arteko aldea ikaragarri handia dalako. Edozelan be, Gaizka Garitanoren taldeak egin beharrekoa bete dau eta Kopa txapelketako hurrengo kanporaketarako sailkatu da ezelango arazo barik. Zeozer nabarmen-tzekotan, jokalariek erakutsitako jarrera serioa eta lehiakorra izango litzateke. Izan be, liga txapelketako partidu bat balitz lez ekin eutsen zuri-gorriek Sestaoren aurkako kanporaketari eta etxeko taldeak gauza gitxi egiteko aukerea euki eban zuri-gorrien erabateko nagusitasunaren aurrean. Gaizka Garitanok seriotasun osoz ekin gura eutson kanporaketeari eta jokalariek ederto barneratu eben entrena-tzailearen mezua.

Sestao eta Athleticen arteko partidua hasi aurretik, zuri-gorrien hamaikakoaren barri izatean hain zuzen, garbi geratu zan Garitanok ezustekorako ate guztiak itxi gura ebazala ligan titular diran jokalari gehienak zelairatuta. Lehen minututik, zuri-gorriak aurkariaren bila joan ziran, kanporaketea lehenbailehen erabagita izteko asmoagaz. Raul Garcia, Williams, Dani Garcia eta enparauek arnasa hartzeko astirik be ez eutsen emon Sestao River taldeko jokalariei. Zuri-gorrien erabateko nagusitasunak laster ekarri eban partiduko lehen gola Asier Villalibreren eskutik. Gernikarra oso motibauta ibili zan eta lehen minuturako Sestaoren atea zulatzeko zorian egon zan. Partidua bilbotarren monologoa izan zan. Etxeko taldea, barriz, ezinean ibili zan, normala dan moduan.

Las Llanasen jokatutako partidutik ondorio positiboak atara daitekez, beti be, aurkariaren maila zein dan ahaztu barik. Asier Villalibrek partidu ona jokatu eban Sestaoren aurka. Gol bi sartzeaz gain, beste aukera batzuk be euki ebazan aurrelari gernikarrak. Eta Gaizka Garitanok partidu osteko prentsaurrekoan azpimarratu eban lez, gol bietan egindako erremateak ez ziran bape errezak izan. Athleticeko entrenatzaileak taldearen erasoko egiturea aldatu eban hamaikagarren jardunalditik aurrera. Ordura arte erditik joka-tzen eban Williamsek eskoiko hegaletik jokatzen dau orain. Ondorioz, erdiko aurrelariaren postua Raul Garciak bete badau be, Kodrok eta Villalibrek minutuak jokatzeko aukerea izan dabe azken jardunaldietan. Villalibreri ondo etorri jako kopea jokatzeko aukerea, ligan be jokatu egin leikela erakusteko.

Iker Muniain barriro bedartzan ikusteko aukerea be emon euskun Sestao Riverren aurkako partiduak. Txantreako erdilariak ligako sei partidu galdu ditu lesionatuta eta esan beharrik ez dago taldeak igarri egin dauela. Las Llanasko partiduan ikusitakoaren arabera, Iker Muniain errekuperatuta dago eta leitekeena da hasieratik jokatzea Celtaren aurka datorren domekan San Mamesen. Albiste bikaina benetan.

Ibon Etxebarrieta, Sestaoko entrenatzaileak bere taldearen ezkerreko hegala sendotu eban Ander Capari erasorako bidea sarratzeko asmoagaz. Lehen zatian, ostera, beste hegaletik iritsi jakon arriskua Sestaori, Yuri Berchichek bikain jokatu eban-eta. Bigarren zatian, Ander Caparen txandea izan zan. Kontuak kontu, Athleticen atzealdearen erakustaldia ikusi genduan Sestaon. Beñat Etxebarriak be ia partidu osoa jokatu eban maila onean. Arratiarrak asko emon leikio taldeari bere maila onena berreskuratzen badau.