Gorantza begiratzeko bertigoa
"Itxaron daigun taldeak Betisen aurka hasitako goranzko bideari eustea, On Ernesto Valverderi merezi dauen agurra emoteko"
Gauza asko jazo dira azken egunotan Athleticen. Gironaren aurkako partiduan jasotako porrotak min handia eragin eban klub zuri-gorrian. Ernesto Valverderen eta bere jokalarien aurkako kritika zorrotzak, garratzak eta odoltsuak, entzun eta irakurri doguz. Egun batetik bestera, jaisteko postuen mamua agertu zan, bederatzi puntura egon arren. Ganera, eguazteneanIñigo Lekue, kapitainetako bat, agertu zan Lezamako prentsa aretoan mezu garbi bat zabaltzeko: ekipoaren helburu nagusia maileari eusteko beharrezkoak diran berrogeta bi puntuak lehenbailehen eskuratzea da. Adierazpen horreek, zale batzuren hasarrea be eragin eben eta batek baino gehiagok 25-26 denporaldia amaitutzat emon eta hurrengo ikasturtean ipini eban burua. Egun bi beranduago, Ernesto Valverdek iragarri eban Athletic itxi egingo dauela datorren ekainaren 30ean. Gauza guzti honeek gertatu dira Betisen aurka jokatu aurretik.
Relacionadas
Athleticeko entrenatzaileak garrantzi handia emon eutson Pellegriniren taldearen aurkako partiduari. Zuri-gorrientzat hiru puntuak ezinbestekoak ziran, beherantza begiratzeari itxi eta gorantza begira ipinteko ligea amaitu arte. Txanponaren beste aldean, beste porrota bat eskuratu ezkero, Gironaren ostean zabaldutako zauria larritu egingo zan, zolduten hasiko zan-eta.
Zorionez, Valverderen gizonek ez dabe huts egin eta hiru puntuak Katedralean geratu dira sailkapeneko bosgarren sailkatua menderatuta. Emaitza positiboa alde batera itxita, zuri-gorriek joko ona erakutsi eben, lehenengo zatian batez be. Bigarrenean, 2-0ekoari eusteko ahaleginean ibili ziran.
¿Por qué Unai Simón pidió que se anulara el gol del Betis?
Kontuak kontu, bederatzi jardunaldi geratzen diranean liga txapelketea amaitzeko, Athletic sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, Realagaz eta Getafegaz bardinduta, -Osasuna eta Español puntu batera dagoz atzetik eta Valentzia hirura- eta hiru puntura dauka datorren denporaldian Europan jokatzea ahalbidetzen dauen postua. Luis Aragonesek esaten eban lez, erabagi beharreko guztia lehiaketaren azken hamar jardunaldietan erabagiko da. Gertatutako guztia gertatuta be, eta ibilbide gora-beheratsuaren ostean, Athleticek zabalik ditu ate guztiak. Valverde eta bere jokalarien eskuetan dago, denporaldiari amaiera duina emotea. Europaz berba egiteak bertigoa eragin leike, orain dala egun gitxi batzuk mailari eusteaz berbetan ibili garanean. Dana dala, sailkapenak garbi erakusten deusku Europara sailkatzeko aukerak benetazkoak dirala, orain dala gitxi bateren batzuk Valverde kanporatzea eskatzen ibili arren.
Jokatzeko dagozan bederatzi jardunaldietan, zuri-gorriak aurkari zuzenen kontra lehiatuko dira. Osasuna, Valentzia eta Celta San Mamesera etorri behar dira eta Athleticek Getafen eta Espanyolen zelaian jokatuko dau. Atsedenaldia ederto baten etorri jake Valverderen gizonei, denporaldian zehar orain arte gertatutako guztia ahaztu eta indartsu ekiteko geratzen danari, bederatzi jardunaldiko txapelketa txiki bat balitz lez. Ganera, Oihan Sancetek denporaldiko partidurik onenetakoa jokatu eban domekan Betisen aurka eta pentsa lei Nico Williams errekuperatuta itzuliko dala ligearen azken txanparako. Kontuak kontu, itxaron daigun taldeak Betisen aurka hasitako goranzko bideari eustea, On Ernesto Valverderi merezi dauen agurra emoteko.
