AURTEN ez da Eako Poesia Egunik egongo, ez da hamaseigarren ediziorik burutuko. Poesiak atsedena hartuko du herri horretan, eta bertako kideek ez dute aurten ekimen eder hori antolatuko. Makina bat urtetan, poemak eta poemak kostaldeko Ea herrian arrantzatu eta gero, Porrot eder bat da adioa esaldi poetikoarekin Eako Poesia Egunak desagertuko direla iragarri dute.
“Zulo beltzaren gainean salto egin, eta zuritasun lauari aurre egiteko energia badugu oraindik. Hamabost urteotan zehar jositako haria eten, eta beste hari bati jarraitzeko intuizioa eta gogoa jaio zaizkigu eta laster helduko diogu hari berri horri. Hari zaharra eten behar, tenk, eta minez bada ere, agur esan behar diegu Eako Poesia Egunei. Minez, baina pozarren, ibilbide luze honetan ikasitakoagatik, eta utzitako arrastoagatik. Minez, baina gogoz, gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa. Poesiazale, elkartuko gaitu kultur plazak, egon ziur, eta beste hari batzuk korapilatuko ditugu elkarrekin, baita orri zuri berriekin jolastu ere” diote.
Indarrez txirikordatu zen Eako Poesia Egunak ekimena Euskal Herriko eskaintza kultural berezienaren kartelean. Eta gure garaia eta espazioa literaturaz blaitu ostean, egitasmoa badoa, isilik, oharkabean.
Pausatzeaz mintzatzen da, pausa-tzeaz eta arnasa hartzeaz. Pausatu ere, “eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko, garai berriek modu berriak eta gogo berriak eskatzen dituztelako, euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturan sinesten dugulako, mila adierazpidetan berreraikiko dela badakigulako, kultura ez delako kudeaketa hutsa, kultura etengabeko mugimenduan bizi delako”.
Gabriel Arestiren figura nabarmentzeko bokazioarekin jaio ziren egun poetiko haiek, eta poemetatik abiaturik, aire berriak ere ekar-tzeko, sorkuntza abangoardistak aldarrikatzeko, pentsamendu kritikoak bultzatzeko, eta hondartza txikiko herrian urtero bildu eta erakusteko. Azken finean, Arestiren etxea defenditzeko.
Eta orain, Arestiren etxeak zutik dirau.