EMAKUMEAK emakumeen kontra. Zenbat alditan saldu diguten eredu hori. Pelikuletan, iragarkietan, fikziozko lanetan eta ez fikziozkoetan. Hainbeste aldiz errepikatu digute eredu hori, emakumeak gaiztoak garela emakumeekin, sinetsi egin dugu, eta hainbat aldiz sartu digute tranpa hori. Emakumeen arteko elkartasunik ezinezkoa dela irakatsi digute, gure harremanak beti liskartsuak izan behar dutela, bata bestearen inbidia dugula eta ez dugula barkatzen besteak arrakasta izatea ezertan. Etengabe konpetentzian gaudela, alegia.

Aurreko egunean seguru-etxeko iragarki bat ikusi nuen. Han agertzen ziren bi emakume haurdun, euren seguruez hitz egiten. Batak besteari bere seguru etxeak emandako baldintzez hitz egiten zion eta besteari barru guztiak erretzen zitzaizkiola ikusten zen, inbidiaren inbidiaz. Elkarren arteko konpetentzia ere gure arazo bat dela sinestarazi nahi digute gizonen mundu ezin lehiakorrago honetan.

Ahizpatasuna edo sororitatea hitzak (sisterhood, Kate Milleten ahoan) emakumeen arteko babesa, elkartasuna eta aliantzak adierazten ditu. Berdintasun ezari eta diskriminazioari elkarrekin eta batuta aurre egiteko dugun tresna eraginkor bat da. Berdin da hitz hori ezagutzea-erabiltzea edo ez, baina hor dago, existitzen da. Eta inoiz baino argiago ikusi genuen iazko martxoak 8an, kalean hainbat emakume elkarrekin ikustean euren eskubideen defentsan. Askorentzat izugarrizko bultzada suposatu zuen horrek, euren ahalduntzean eta baita kolektibo bezala sentitutakoan ere. Amonak, ilobak, alabak? Adin, arraza eta eremu sozial ezberdinetako emakumeak, emakume ezberdinak, helburu baten alde denak batera. Ez zait okurritzen modu hoberik saldu diguten emakumeen arteko konpetentziaren irudi hori hausteko.

Beraz, aurten, berriz elkartuko gara, eta berriz egingo dugu indar erakustaldi bat. Baina ez da indar suntsitzaile bat, ez da indarkeriaz zikindutako indar bat. Elkartasunaren indarra da. Indar eraikitzaile bat. Eraiki nahi dugulako mundu berri bat. Eta horretarako gure arteko elkartasuna ezinbestekoa da. Emakumeon arteko batasuna. Ez dezagun hautsi.