ALMUDENA Grandesek Urkulluren laudorioa egin berri du El País egunkariko zutabe batean: lehendakariak Auzitegi Gorenean lekuko moduan erakutsi duen baretasuna aipatu du, seriotasuna, eta galdutako garai normalak, aspaldikoak, begiztatu ditu EAEko lehendakariaren aurpegi burdinazkoan. Ez dakit nola hartuko duen Urkulluk ezkerreko kultura espainiarraren kide ospetsuenetako baten gorazarrea, baina ausartuko naiz esatera euskal harrotasun apal moduko bat sentituko duela; ni behintzat, bere lekuan banengo, pozik egongo nintzateke. Xabier Arzalluzen heriotza dela eta, ezker abertzaleak jelkide zaharrari agertu diona begirunea baino gehiago dela esango nuke, ia-ia miresmena. Ez dakit zer esango lukeen Arzalluz odol-biziak goraipamenezko hitz horiek entzungo balitu: “Hilda gero, salda bero” edo horrelako zerbait oihukatuko luke euritakoa astinduz? Batek daki. Dena dela, norbait hiltzen denean hobe da, nire ustez, gehiegizko miresmena adieraztea, eta ez Alfonso Alonso popularrak erakutsi zuen aurpegi desatsegina, erdeinutik gertu zegoena, inoiz entzun ditudan dolumin hitz zekenenak ahotik jaurtikizen zituen bitartean. Almudena Grandesen aldetik zein ezker abertzalearen aldetik EAJ zorionekoa da oro har (ados, badirudi ezker abertzaleari “lehenagoko” EAJ gustatzen zaiola batez ere eta Grandesi oraingo Urkulluren neurritasuna); gainera, hauteskundeei begira aukera ezin hobeak iragartzen dizkiote aditu guztiek alderdi zaharrari. Gehiago eska daiteke? PPkoak ez daude oso pozik jeltzaleekin, jakina, eta haserreago beste eskuin espainiarrak: ezin guztiekin ondo konpondu, EAJri trebeziarik falta ez zaion arren. Xabier Arzalluz bezalako erraldoiak hiltzen direnean ezinbestekoa da orain arte bizi izandakoaren azterketa egitea; zuhurrak izan dira beti EAJkoak, ezin diet nik ezer irakatsi behar, beharbada bakarrik gogoraraztea nagusitasuna edukitzeak ez duela berez arrazoia ematen. Bada Urkullu lehendakariak Kataluniako auzi horretan Espainiaren batasunaren alde lan ederra egin duela esaten duenik.