Egiazko erantzukizunak
POLITIKAN jarduteak baditu arriskuak; horien artean daude ustez norbaitek egin dituenengatik erantzukizunak hartzeko batzuen aldetik etengabekoak diren eskakizunak. Halako zerbait datorkit Osasun sailburuaren inguruabarrean ireki den ehizaz aritu nahi dudan honetan. Inori ez diot entzun, ez eta irakurri ere, oposizioetara aurkeztu diren batzuen alde aritu denik, edota eginahalak egin ez dituenik aukera-berdintasuna bermatze aldera... eta hala ere, ustez batzuek egin duten eta ezinbestean argitu behar diren portaeren azken erantzuletzat hartzen da.
Halakoetan, harira ez datozen kontuak nahasi nahi izaten dira. Alde batetik, gobernuaren sinesgarritasuna kosta ahala kosta zalantzan jartzeko intentzioa, are gehiago garrantzi handiko hauteskundeak gainean dauzkagunean. Kontua horren da deigarria, non sailbururen bati beste gobernuren batek eginikoengatik erantzukizunak ere eskatzera iritsi diren. Beste aldetik, sindikatuek, bai eta alderdi batzuek ere, norbaiten burua eskatzen ari dira ez Osakidetzako hautaprobez kezka-tzen eta haiek hobetu nahi dituztelako -hala balitz, orain arte non egon dira?-, zalantza lau haizeetara barreiatuz, etekin bat atera nahi dutelako baizik.
Irakurri dugu funtzio publikoan jarduteko iruzurra ohikoa ez ezik, orokorra ere badela. Baieztapen hori oso larria eta bidegabea dela begitantzen zait. Hala balitz, ondorioztatu behar baikenuke funtzio publikoan jarduten duten langile gehienek ez dutela nahikoa meritu erakutsi dagokien lan-publikoan aritzeko, hots, norbaiten seme, alaba edo alderdi jakin batzuetakoak direlako dabiltzala zeregin horretan... eta hori ez da inolaz ere egia! Besterik da espezialitate edota jardun-eremu jakinetan aurkez daitezkeenak gutxi batzuk ez besterik izatea, elkar ezagutzea eta lagunkeriazko jokabideak azaltzea. Halakoetan, gaia ikertu, argitu eta erantzukizunak baleude, zuritu beharko lirateke susmoa orokortzen ibili gabe.
Oposizioetara jende asko aurkezten da. Batzuek probatzearren ematen dute izena, beste batzuek, ostera, hilabeteak eta urteak ematen dituzte ikasten enplegu publikoa lortzearren, beste batzuek ez dute aurkeztu nahi zerrendetan daudelako, ez dutelako ikasteko astirik, lana segurtaturik dutelako edota azterketak gaindituko ote dituzten zalantzak dituztelako. Nolanahi ere, oposizioetara aurkezten diren asko helburua lortzera iristen dira, beste batzuk, ordea, ez! Milaka eta milaka pertsona aurkezten diren hautaproben eragingarritasuna ez genuke zalantzan jarri behar. Beti egon daiteke zer hobetua, baina gertaera isolatu batzuek sistema oso-osorik hankaz gora jartzera eta errudunak ez dauden tokian topatzera ez gintuzkete bultzatu behar. Jardun publikoa hainbatetan nahikoa eskergabea da, ez dezagun, horrez gainera, are bidegabeago bihurtu.