Duintasunez bizi eta hil!
BIZITZAREN txanponaren binperra heriotza da, bata ezin uler baitaiteke bestea gabe. Denok hilko gara, denbora kontua baino ez da... horrenbeste aztoratzen gaitu heriotzak, non batzuek heriotzaren balizko geroan jartzen duten aztoramendu hori arintzeko eta eramangarri bilakatzeko sendabelarra... baina joan joango gara. Noiz eta nola ez dakigu, ordea. Gogoan izango gaituzten ere ez dakigu, baina kontu horrek ez dauka atzera-bueltarik.
Bat-batean, oharkabean, jakitun ez garela hilko gara? Minik edota sufrimendurik tarteko desagertuko gara? Trantzea eramaten lagunduko digun norbait alboan izango dugu ala bakardadean emango dugu azken hatsa? Nago halako galderak egin dizkiogula geure buruari noiz edo noiz.
Gizarte aurreratuetan, gero eta zabalduago dago bizitzari amaiera duina emateari buruzko gogoeta. Nolanahi ere, gaiak ez dauka geure buruaz beste egitearekin -halakoak saihesteko arrazoietan sakondu behar baikenuke-, gutxiengoak edo zailtasunak dituztenak akabatzearekin -ideologia batzuek sustatuta, iraganean gertatu zen bezala- edota norbaitek, norbanako bakoitzak kontzienteki hartu beharreko erabakia errespetatu gabe, inor akaba-tzearekin zer ikusirik, gizabanakoak bere azken trantzea nola igaro nahiko lukeen aitor-tzearekin baizik. Izan ere, bizi-tzeko erabakia hartzerik izan ez bagenuen ere, gure heriotzaren nolakotasunari buruz erabakia hartzea badezakegu... eta horixe da kontua, gaia.
Tamalez, halako gogoetak gizarteratzen direnean, badira aurreiritziak eta topikoak tarteko, pertsonen nahien gainetik, beste printzipio batzuk ezarri nahian aritzen direnak. Halakoei, gogorarazi behar zaie inork ez dakiela zein egoeratan egonen den bihar-etzi eta bizitzari amaiera duina emateko eskubidearen aitortzak ez dakarrela, halabeharrez, den-denok eskubide hori baliatu beharra. Bakoitzak ikusi behar baitu halako erabaki bat hartu beharrean aurkitzen denean, atearen atalburua igarotzea nahi duen.
Medikuen laguntza baliatuta ere, eramanezinezko minik banu, horrenbesterainokoa non bizitzea bera amaigabeko sufrimendua bilakatuko litzatekeen, bizitza hitzaren esangura erabat desitxuratuz... gaixotasunak ohe batera iltzatuko banindu eta egoera aldaezina balitz, esperantzarik txikiena ere izango ez banu; bizitzaz gozatzea ezinezko egingo balitzait; bidelagun izan, maite ditudanen aurpegiak eta izenak ezabatuko balitzaizkit, bakardadearen putzu sakonean murgilaraziz... bizitzen segitzeko helduleku, arrazoi guztiak galduko banitu... orduan, zein zentzu luke agonia luzatzeak?