Síguenos en redes sociales:

Prozedurak eta edukiak

Prozedurak eta edukiak

Zalaparta sortu da Eusko Jaurlaritzak eremu publikoko langileen eta itunpeko ikastetxeetakoen soldatak, bai eta zenbait gizarte laguntzaren zenbatekoak ere, emendatzeko Eusko Legebiltzarrera igorririko lege-proiektuaren harira. Gai bakoi-tzak nahikoa pisu omen dauka bakarka bideratua izateko. Horrela, irakurraldi bakarra ardatz duen prozedura gaitzetsi eta nagusikeriaz jokatzea leporatu diete Gobernua sostenga-tzen duten bi alderdiei. Edukiari buruz, ostera, hitz egiten bakarra PP izan da. Azken horrek gehiegizko baiteritzo zenbait gizarte-laguntzari ezarri nahi zaion igoerari.

Nago prozedura-kontuak aipa-tzen direla edukiei buruzko desadostasunak agerian ez geratzeko, are gehiago hauteskundeak gainean dauzkagunean. Izan ere, EAEko 2019ko aurrekontuen eztabaidan, bereziki iritzi-trukea piztu zen zenbait gizarte-laguntzaren inguruabarrean. Jakina denez, azkenean, ez zen adostasunik erdietsi eta orain beste prozeduraren bat baliatu behar da premiazko neurri batzuk garabidean jarri nahi badira... baina oposizioan dauden alderdi ba-tzuk gobernua gutxiengoan dagoela agerian laga eta lege-proposamenak aurrerabiderik ez izatea bilatzen ari dira.

Badirudi, langile publikoen soldaten inguruan ez dela aparteko arazorik egongo... azken unean, sindikaturen baten presioak tarteko, igoerak are handiagoak izateko ahaleginak -bidenabar, Madrilekin aurrez aurrekoa bultzatuz- gertatzen ez badira, akordioa ezinezkoa eginez. Itunpeko ikastetxeen kontuan, aldiz, eztabaida egon daiteke. Askotariko arrazoiengatik gurasoen aukerak bidelagun direla, gure hezkuntza-sistema hiru hankakoa dela alboratu eta sare publikoa eta itunpekoa aurrez aurre jartzeko saiakera egiten bada.

Eztabaidarik garratzena zenbait gizarte-laguntzaren gainean egon daiteke. Alderdi Popularrak iragarri du ez duela gainerako igoeren gainetik doan ezer onartuko, nahiz eta jakin herritarren zati esanguratsu batek, batez ere, baliabideen aldetik urrien dabiltzanak -alargunak, langabeak, migratzaileak eta abar-, horren premia gorrian daudena. Kasu honetan, eskuin muturretik datorren olatua dugu alderdi horren kezka, gizarte-laguntzen onuradunak paratu baititu bere mezuen jomugan... eta korronte hori gizenduko den beldurrez, bere interes partikularrak jarri ditu herritarren interesen gainetik.

Beste muturrean, oposizioko beste bi alderdiak daude, Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenak gainditu eta laguntza horiek neurririk gabe igotzearen alde azaltzen direnak, nahiz eta jakin egun hartzen diren erabakiek aurtengo aurrekontuak ez ezik hurrengo urteetakoak ere baldintzatzen dituztela. Beraz, komeni da prozedura kontuetan bainoago eztabaida edukietan ematea. Hartara, den-denok jakingo baitugu, ele ederrez harago, akordiorik benetan nahi ote den.