Altsasu, zentzua berreskuratu!
Asteazkenean eta ostegunean aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak sasoia zenean Altsasuko zortzi gazteri ezarririko zigorrak. Jakina denez, gazteetako bati bi urteko kartzela zigorra ezarri eta gainerakoek bederatzi eta hamahiru urte arteko kondena jaso zuten. Ondorioz, datozen egunetan ikusi beharko da neurririk gabeko zigor horiek zuzentzeko erabakirik hartzen ote den, bai eta galdutako zentzua berreskuratzeko ahaleginik egiten ote den ere. Izan ere, ordu txikietan jazotakoagatik, oraindik, bi urte baino gehiago daramate kartzelan gazteetako batzuek.
Hasieratik, arbuiatzekoa den gertaerari garrantzia kentzeko eta lausotzeko ahalegina egon bada ere... eta zer ikusia izan zutenek -ikuskizun dago zigortu zituzten guztiak ote diren- ardurak hartzeko jarrera erakutsi ez badute ere, neurriz kanpokoa da gertaera horren arrimuan jazo dena. Alde batetik, Iruñeko epaitegiek ikertu eta epaitu behar zuten auzi bat Auzitegi Nazionalera eraman delako, horri doakion neurriz kanpoko kalifikazioa emanez. Beste aldetik, gertaeraren gainean egin den erabilera politikoa deitoragarria da, herri oso bat egin delako jazoera isolatu baten erantzule. Azkenik, eskandalua da antzeko gertaerak nola are larriagoak beste inguru batzuetan gertatzen direnekiko dagoen aldea, zigorren larritasuna areagotu eta justiziarik ezaren salaketari indarra ematen diona.
Altsasun gertatutakoak ez zuen inoiz gertatu behar... eta harrezkero gertatu direnak, Altsasu, Espainiaren barrena kanpaina batean baliatzea ekarri nahi izan duena barne, ez zuen inoiz ere gertatu behar. Halakoetan, ematen du gauzak ez direla aldatu eta salbuespenezko neurriekin eta erabakiekin segitu ahal dela inolako mugarik eta errukirik gabe. Hanka sartzea da hori, nire ustez, hamarkadetako giroa onbideratzen eta bizikidetza ehuntzen laguntzen ez duena.
Tamalez, Espainian esaten direnak gogoan, inplikaturiko jendea eta indar poliziala zein den kontuan, biktima batzuk ordezkatzen dituzten elkarte batzuen jarrera eta mezuak irakurrita, beldur naiz gauzak lehengoan geratuko ez ote diren. Nahiago nuke oker banengo eta Altsasuko gazteak haien herrira itzuliko balira. Halaber, nahiago nuke, guztiok bizikidetzaren aldeko pedagogia soziala egingo bagenu, nonahi eta noiznahi, desberdin pentsatzen dutenekiko jazarpena deitoratuz eta salatuz... bai nahiago nuke behinola indarkeria alboratzeko hartutako erabakia beste eremu batzuetara eramango balitz, horrek sakabanaturik egon direnak hurreratzea eta elkar aditzeko aukera berriak irekiko lituzkeelakoan... baina horretan ere ez dakit intxaurrondoari sagarrak eman ditzala eskatzen ari ez ote naizen.