Síguenos en redes sociales:

Migratzaileen Nazioarteko Eguna

Migratzaileen Nazioarteko Eguna

Desberdin diren guztiak arbuiatzen dituztenentzat arazo; konplexuak eta beldurrak dituztenen-tzat borrokarako gai; ezagutzen ez dituztenentzat kezka eta mehatxu; beste batzuentzat, ordea, ate berriak irekitzen dizkigun aukera berria. Bai! Abagune berria beste batzuen bizipenetatik edateko, bestelako hizkuntza eta kulturen igurtziekin geureak aberasteko, gizarte irekiagoa hezurmamitzeko. Batzuek, berehalako premiei erreparatuko diete, besterik ez bada ere, gure gizartea zahartzen ari delako, fabriketan, ostalaritzan, osasun zerbitzuetan, nagusien zaintzan, nekazaritzan... jarduteko eskulana eskainiko duen jendea behar eta ez dugulako irauterik jende berriaren ekarpenik gabe.

Migratzaileez hitz egiten dugu azalaren koloreez jarduterakoan. Ohartu gabe inguru hurbilean baditugula atzerrira joan direnak, sasoi batean, gure gurasoak, gaur, gehien-gehienak gazteak, ikasketetan aurrera egiteko, hizkuntzak ikasteko edota horietan sakontzeko... edo lan bila joan direnak. Programak ditugu horiek ere gurera buelta daitezen, pilatu duten esperientzia gure gizartearen garapenerako baliagarri suerta dadin... ez gara konturatzen, baina auzoa, herria, hiria, lurraldea, oro har, txiki geratu baitzaizkigu, gero eta errazagoa baita bizitokiz alda-tzea.

Batzuek migratzaileak ikusten dituzte eskoletan, nik umeak, ez besterik, ikusten ditudan toki berberean... eta ez gara ohartzen modu bereizgarrian aipatzen ditugun bakoitzean hurreratu ordez, gugandik urrundu egiten ditugula, integrazioa baino elkarri bizkarra emanda bizi gaitezen erraztuz. Guk behar ditugu eta haiek ere behar gaituzte. Guk ezin baitugu herritarrei bizkarra emanda bizi eta haiek ere ezin baitute duten bizi-egitasmoa gugandik bereizita garabidean jarri.

Errespetua zor zaie eta zaigu. Kontua ez da migratzaileen asimilazioa bilatzea, dakarten hizkuntza eta kultura ezabatuz... integrazioa da giltza, bakoitzak dakarrena errespetatzea da gakoa, gaur eta hemen hizkuntza eta kultura txiki bat indarberri-tzen ari den gizarte batean bizi direla ohartaraziz. Nahiz eta jakin dakigun, gure artean ere badirela hemen jaio direnak baina euskararekiko eta euskal kulturarekiko inolako sentiberatasunik erakusten ez dutenak eta hizkuntza eta kultura hegemonikoen alde -era kontziente edo ez-kontzientean- eroso ari direnak.

Erkideez aritu beharko ginateke, migratzaileez bainoago, horrek berdintasuna, ez, homogeneotasuna, azpimarratzeko balio duelako, eskubidez eta betebeharrez -hau ere denok oso gogoan eduki beharko genuke, ez migratzaileek bakarrik- berdinak baikara... izan behar baitugu mundu eder eta, aldi berean, txiki, zail eta neketsu honetan!