Síguenos en redes sociales:

Vox populi

Vox populi

Goiburuan esanikoak Herriaren ahotsa azpimarra-tzen omen du edota herritar arrunten iritziak indar biziz gailentzen direla, oinarririk ez dutenean baita ere. Atzo arte mespretxuz hartzen zen mugimendu bat erabakigarri gertatu da Andaluziaren gobernagarritasunean eta datorren udaberrian are garrantzi handiagoa har dezake Espainiakoan. Honenbestez, alarma gorriak piztu dira, emakumeen, erkidegoen, hizkuntza aniztasunaren, migratzaileen, gutxiengoen eskubideen eta bestelako gaien inguruabarrean azaldu duen jarreragatik. Gurera etorriz, erkidegoak ezabatu eta estatua are gehiago indartzea da proposatzen duen sendabelarra... eta horrek herritar andanaren botoak eskuratzea ahalbidetu dio.

Harrigarria dirudi erkidegoen bizkar bizi izan den buruzagi politiko batek bere bizimodua erraztu duen sistema baten kontra horren oldarkor azaltzea, baina, beharbada, ez zuen beste aterabiderik eskuinaren ohiko erretolikatik eta diskurtsotik aldendu, bereizi nahi bazuen. Ezen, eskuin muturraren goranzko joeraren atzealdean bestelako arrazoiak baitaude, gutxitan aipatzen direnak. Hasteko, ustelkeriaren gaia aipatuko nuke, bai eta alderdi batzuek ustelkeriarekiko erakutsi duten konplizitatea ere, sistema sostengatzen dutenekiko etena areagotu duena. Herritarren zati esanguratsu bat nekatuta, areago nazkatuta dago eta ez ditu ohiko alderdiek ordezkatzen dituztela suma-tzen. Horrela, diskurtso sinpleak -gehienetan, herra, mespretxua eta bazterkeria barruratzen dutenak- besarka-tzen eta halakoak esaten dituztenen eremura hurreratzen dira. Fenomeno hauen atzealdean, gizarte arazoak kudea-tzeko orduan, alderdiek dituzten ezintasunak eta abar agerian geratu dira. Hots, eremu desberdinetan politikaren porrota nabari da, estatuaren aniztasuna kontuan hartzeko, lurraldetasun arazoari irtenbidea bilatzeko, migrazioa kudeatzeko, krisi ekonomikoak herritarren zati esanguratsu bat are txiroago bilakatzeko... gai bakoitzaren eremuan politikak erakutsi dituen ezintasunak, bai eta eskrupulurik ez duten beste batzuen anbizioak ere sustatu dute halako fenomeno baten indartzea.

Probokazioetan eror gaitezke, herrak herrekin aurrez aurre jarri, baina dema horretatik indarturik aterako den bakarra eskuin muturra izango da... eta, hauek indartu ahala, gainerako alderdiak posizio horietara irristatzeko arriskua areagotuko da, gizartean dislokazioa eraginez, desberdintasunak areagotuz eta bizikidetza pitzatuz. Bide hori egin dezakegu ala gizartean pilatzen ari zaizkigun arazoak kudeatzen has gaitezke, adostasunak landuz, bilbatuz eta horien alde pedagogia soziala eginez. Denbora igaro-tzen ari da eta ez gara datorren olatuari erantzuten ari. Epe ertain eta luzeari beha -ez mementoko errentagarritasunari begira- dauden politikarien zain segi-tzen du gizarteak, gero eta ahulago, gero eta likidoago.