Síguenos en redes sociales:

Euskaraldia

Euskaraldia

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egongo da abian gizarte ohituretan eragin nahi duen ekimena, Euskaraldia, hain zuzen. Euskal Herri osoko ehunka herri, auzo, ikastetxe, elkarte, erakunde, alderdi eta abar luze batek egin du bat ekimenarekin, euskararen alde inoizko jarduerarik askotarikoena eratuz. Halako ekimen batek erdietsi duen gizarte adostasun zabala azpimarra-tzekoa eta goraipatzekoa da, ezin antola baitzitekeen tamaina honetako ekimenik batzuen eta besteen lankidetza tarteko egon gabe. Ondorioz, bihoazkie zorionak ekimen hau ahalbidetu duten gizarte ekimeneko eta herri erakundeetako ordezkari guztiei. Hauxe da, indarrak elkartzea da bidea euskarak erronka zailagoak gaindituko baditu.

Era erara dator Euskaraldia. Izan ere, gizarte elebidun batean, gaitasun desberdinak dituzten herritarrak auzokide direlako, are gehiago gurea bezalako hizkuntz-errealitate askotarikoan. Izan ere, euskararen ezagutza asko hazi da azken hamarkadetan, nahiz eta errealitate hori berdin ez dugun bizi Euskal Herri osoan, batzuetan hazkundea motela baita eta besteetan oso bizkorra, adin-talderik gazteenetan batez ere. Baina hazkundea gertatzen ari da... eta halakoetan ohikoa denez, bakoi-tzak euskararekiko izan duen harremanaren arabera, pertsonen hizkuntza-gaitasuna desberdina da.

Horrela, komeni da gaitasun urriagoa eta aurreratuagoa duten herritarrak ehuntzen saiatzea, bizkarra emanda bizi ez daitezen eta batzuek besteen arrimuan euskararen bidean urratsak egin ditzaten. Euskararen erabilera galgatzen duen gizarte-ohituretan eragitea funtsezkoa da, horiek eraldatuz euskararen aldeko jardun jarraitua hezurmamitu daitekeelako, euskara gero eta presenteago eginez.

Aurrekoak, bistan da, ez du ezerezean lagatzen bestelako jardun-eremuetan ahalegindu beharrak. Esate baterako, aisialdiko euskarazko eskaintza heda-tzera datozenak, lan munduan euskarari tarte are nabarmenagoa edota euskara lan-hizkuntza bilakatzeko urrats eragingarriak egin beharra eta abar. XXI. mendean euskarak bultzada berri bat behar du, sasoi batean euskara ikasteko eginiko ahaleginari erabilera areagotzeko jardun indar-tsua gehituz... eta erabileraz ari garenez gero, komeni da euskararen kalitatea ere zaintzea, hurreko erregistroa baina jasoa erabiliz ahal den guztietan. Azken honetan ekarpena egin dezakete, bereziki, hedabideek, esatariek, sortzaileek, teknikariek, kulturgileek, ikasmaterialek... euskaraz egiten den guztia ez baita on, ez eta mesedegarri geratzen ere euskara gero eta zabalduago, presenteago, erabilgarriago eta atsegingarriago gerta dadin.