Athleticek ezin izan eban garaipena eskuratu Atletico de Madriden zelaian eta Berizzoren taldeak bolada txarrari amaierea emon ezinik jarraitzen dau. Edozelan be, beti esan izan dogu porrot guztiak ez dirala bardinak eta Wanda Metropolitanotik puntu barik itzuli arren, Athleticek aurrepausua emon eban gaur egun bizi dauen egoer latzetik urteteko. Simeoneren taldearen aurkako partiduan erakutsitako jokoari eta jarrereari eutsi ezkero, zuri-gorriek gorantz egingo dabe sailkapenean ezelango zalantza barik. Erreakzinoa, baina, lehenbailehen etorri behar da.

Zuri-gorriek indartsu ekin eutsien liga txapelketako aurkari gogorrenetarikoaren aurkako norgehiagokari. Partiduaren aurrekariak ikusita eta lehiakide biak nondik etozan kontuan izanda -bilbotarrak hamar jardunaldi irabazi barik eta madrildarrak txapeldunen ligan partidu bikaina eginda-, inor gitxik emoten eutson Athletici irabazteko aukerarik koltxoneroen zelaian. Eduardo Berizzok aldaketak egin ebazan hasierako hamaikakoan, zelai erdian batez be. Aurreko partidu bietan titular izan ziran Dani Garcia eta Mikel Ricok urten eben hamaikakotik eta Beñatek eta Iker Muniainek jokatu eben Mikel San Joseren alboan. Valencia eta Espanyolen aurkako partiduetan indarra eta agresibidadearen aldeko apostua egin ostean, Berizzok bere betiko estiloaren alde egin eban barriro. Taldeak sendo jokatu eban defenditzeko orduan baina eskertu egin eban Beñat eta Muniain zelaian egotea baloia atarateko orduan. Horregaz batera, zuri-gorriak eraginkor agertu ziran gol aukerak gauzatzeko orduan eta bi bider aurreratu ziran markagailuan Iñaki Williamsen eskutik. Azkenean, baina, bilbotarren ahaleginak ez eban saririk jaso, ezin izan ebelako geratu Atletico de Madrid estrategia jokaldietan.

Simeoneren taldeak ez eban arrisku handirik sortu Iago Herrerinen atean baina Athleticeko atezainak hiru gol jaso ebazan. Hortik be ondorioak atara behar doguz edo dabez, hobeto esateko. Izan be, Berizzoren jokalariak ez ziran fin ibili aurkariak sartu ebazan hiru golen jokaldietan. Lehenengo eta behin, Herrerinek huts egin eban lehenengo golean. Thomasek oso urrunetik jaurti eban eta atezaina ez egoan ondo kokatuta eta berandu erantzun eban. Ez da lehenengo aldia, Vallecasen be antzeko zeozer egin eban-eta. Bigarren golaren jokaldian, zuri-gorriak ez ziran kornerra ondo defenditzeko gauza izan. Hirugarren golaren jokaldia mingarria izan zan oso gauza askogaitik. Hasteko, Unai Nuñezek ez deutso faltarik egiten Godini. Ostean, Raul Garciak huts nabarmena egiten dau defenditzeko orduan area txikiaren ertzean, eta azkenik, Godinek, herren egoan jokalariak, bialdu eban baloia sareetara partiduaren luzapenean. Zigor gogorregia baina hausnarketea eragin behar dauena. Sailkapeneko zuloan dagoan talde batek, hamar jardunaldi irabazi barik dagoanak, ezin dau holan galdu irabazita eukan partidua.

Atletico de Madriden zelaian egindako partiduak itxaropenerako leihoa zabaldu deusku, bai, baina futbolean, azken baten, emaitzek aginduten dabe eta Athleticek garaipenak behar ditu lehenbailehen hamaika jardunaldiko siketeari amaierea emoteko. Liga txapelketearen herena bete da eta huts egiteko komodin gehienak erre ditu Berizzoren taldeak. Erreakzioa etorri behar da. Ezin da huts egin hurrengo jardunaldietan. Getafe, Levante, Girona, Alaves, Valladolid eta Celta dagoz zain.