Síguenos en redes sociales:

Abertzaletasuna eta nazionalismoa

Abertzaletasuna eta nazionalismoa

Azaroaren 11n bete dira 100 urte milioika pertsona hil, zauritu eta traumatizatu zituen Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zion armistizioa sinatu zutela frantziarrek eta alemaniarrek. Horren ondoren, besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen aurrekaria izan zen Nazioen Elkartea eratu zen eta orduko potentziek nazioarteko gerra berri bat ez pizteko engaiamendua hartu zuten. Nolanahi ere, armistizioan galtzaileei, bereziki, Alemaniari, ezarririko baldintzek herra eta hamarkada gutxi batzuk beranduagoko gatazkarako hazia jarriko zuen.

Ez hori bakarrik, irabazle suertatu ziren potentziek galtzaileen zenbait lur-eremu menpean hartu baitzituzten, horien artean, Otomandar Inperioak mendetan azpian hartutakoak. Geroztik, gatazkak segitzen du Lehen Mundu Gerraren ostean potentziek nahierara eskuraturiko lur-eremu zabaletan, ezen irabazle suertaturiko potentzien interesen arabera irudikaturiko ordena berrian, ez baitziren herri eta hiztun-elkarte asko inola ere kontuan hartu. XX. mendeko gertaera horretara joan beharko genuke egun kateaturik gauzkaten hainbat gatazkaren iturburu gisa.

Frantziako Errepublikako presidenteak gaur egungo arazoez mintzatzean abertzaletasuna eta nazionalismoa bereizi ditu, bai eta aldarrikatu Errepublikaren balore moralak ere. Aipamenean ahaztu egin du Lehen Mundu Gerraren atzealdean estatu-nazio izaera zuten estatuen jarrera oro hartzailea zegoela eta horien arteko botere-, eragin- eta lur-goseak aurrez aurrekoa ekarri zuela, ondorio gisa. Gaur egun, Europan eta munduan badira mezuetan XX. mendeko gertaera lazgarriak eragin zituzten adierazpenen antzekotasunak, Frantzian, Italian, Hungarian, Polonian, Alemanian, Errusian... Ameriketako Estatu Batuetan eta abar.

Estatu-nazio hegemonikoek haien iraupenerako arrisku gisa ikusten dituzte askatasun bila ari diren hiztun-elkarte eta nazio txikiak. Horrela, estatu-nazio hegemonikoentzako aldarrikatzen dituzten printzipioak ez zaizkie baliagarri suertatzen azpian barruratzen duten aniztasunari buruz jardutean. Fran-tziak korsikarrei autonomia ukatu berri die eta haien hizkuntza sustatzea eta indarberritzea frantziarren arteko batasuna hausten duela adierazi. Beraz, balio moralez eta halakoez ari denean, lehen mailan ari diren estatu-nazioez ari da, gainerakoak beheratuz, gatazka berrietarako eta zaharrak indartzeko hazi berriak ereinez.

Ondorioz, gauzak dauden moduan manten daitezen zaldunen arteko ituna iradokitzen du, estatu-nazio bakoitzari eskuak libre lagaz barruratzen duen aniztasunaren kudeaketa, batasunari eusteko indarra erabiltzeko aukera barne dela.