Espainiako liga txapelketako sailkapenera begiratzeak ikarea sortzen dau Athletic zaleon artean, gure taldea amildegiaren ertzean ikusten dogulako lehiaketako lehen hamaika jardunaldietan hamar puntu bakarrik lortu ostean. Eduardo Berizzoren taldeak hamar jardunaldi daroaz garaipen bat eskuratu barik. Hori gitxi balitz, taldearen jokoa oso makala da eta zuri-gorriek arazo itzelak daukiez arriskua sortzeko aurkariaren ate aurrean. Ganera, ez dabez sar-tzen sortzen dabezan aukera apurrak. Entrenatzaileak indarraren eta sendotasunaren aldeko apostua egin eban Realaren aurka galdu ostean baina norabide aldaketa honek ez deutso etekinik ekarri taldeari, partiduak irabazi ezinik jarrai-tzen dauelako. Liga asko gera-tzen da jokatzeko eta larrituten hasteko goizegi bada be, Berizzoren taldeak lehenbailehen aldatu behar dau dinamika negatiboa ontzia hondora-tzen hasi baino lehen.
Realaren aurka galdu izanak min handia egin deutso Eduardo Berizzoren taldeari. Garitanoren mutilen aurka galdu ostean, Athleticeko entrena-tzaileak bere ontziaren norabidea aldatzea erabagi eban, ordura arte jarraitutako bideak uste eta gura baino fruitu gitxiago emon ebazala eretxita. Kontua da, entrenatzaile argentinarrak indarra eta agresibidadearen alde egin dauen apostuaren uztea be oso makala izaten ari dala. Atzealdeko sendotasunean oinarritu gura dau Berizzok bere taldearen erreakzioa baina taldeak golak jasoten segiduten dau. Espanyolen zelaian zuri-gorriek lan txukuna egin eben lehenengo ordu erdian baina huts egin eben aurkariaren golaren jokaldian, Didac Vilak denpora piloa euki ebalako erdiraketea presta-tzeko eta Borja Iglesiasek bakarrik errematau ebalako. Hortik aurrera etorri ziran arazoak Berizzoren gizonentzat. Markagailuan atzetik egonda, behartuta egozan erasora jokatzera eta ahalegin horretan agirian geratu ziran euren ezintasun guztiak. Talde honek ez deutso minik egiten aurkariari baina entrenatzaileak erasorako baliabide onenak aulkian jesarrita edo deialditik kanpo badaukaz, arazoa biderkatu egiten da.
Eduardo Berizzo kezkatuta dago beti. Horixe dino berak. Baina kezkatuta baino gehiago, konfiantza barik edo erdi ikaratuta be badagoala esango neuke. Argentinarrak aitortu dau ez ebala aldaketarik egin gura taldearen egiturea edo armazoia hausteko bildurra eukalako. Partidua galtzen joanda eta bere taldeak erasoan erakutsitako ezintasuna ikusita, ezinbestekoa zan hamaikakoan aldaketak egitea punturen bat lortzeko aukeraren bat izateko.
Berizzok arazo handi bat dauka eta konponbidea ez da bape erraza. Williamsek jokatu eban aurrealdean lehen jardunaldietan eta Aduriz ipini dau postu horretan azken partiduetan. Ez batak ez besteak ez dau zorroztasunik erakutsi aurkariaren ate aurrean. Hamar partidu irabazi barik daroazan talde baten dinamika negatiboa haustea ez da bape erraza baina ikaraz jokatzeak ez dau Athletic zulotik atarako. Aurreko baten esandakoa berreskuratuz, Berizzoren apostua zuritik baltzera igaro da, erdibideak aintzat hartu barik. Entrenatzaile batentzat hamaikako orekatua zelaira-tzea ez da erabagi erraza baina garbi geratu da desorekea dagoala Athleticeko entrena-tzaileak azken jardunaldietan zelairatu dauen taldean. Edozein kasutan ez daigun lasaitasuna galdu, ansiedadea eta giro toxikoa bidelagun txarrak dira-eta sailkapeneko zulotik urteteko ahaleginean.