Síguenos en redes sociales:

Altsasu astinduz

Altsasu astinduz

POLITIKA ulertzeko modu bat da, probokazioa, zalaparta ardatz eta desberdin pentsa-tzen dutenak arbuiatzen dituena; lagun hurkoa ezabatuz, norberaren identitatea azpimarratzen saiatzen dena. Estatuan zein Nafarroan hurbil diren hauteskundeetan, boto batzuk eskuratuko dituzten itxaropena dutela, liskar bila hurreratu ziren Altsasura... baina ez zuten halakorik lortu, Altsasuko herriak jakin baitzuen herritar gehienen haserreari irteera duina ematen. Saiatuko dira gertaera isolatuak baliatzen, bila-tzen zutenaren adibide modura... eta beste behin, egiak eta alegiak eginen duten topo, gu guztion zorigaitzerako.

Arduragabekeria galanta da inoren babesa behar ez duen indar polizial bati babesa adierazteko -ustez- deialdia egitea, bai eta abertzaletasun demokratikoa baztertzailea dela lau haizeetara barreiatzea ere. Antolaturiko kanpaina itxuragabeak, mezuek eta jarrerek erakusten dute batzuk liskarrean bizi direla ondoen eta bizikidetza, adostasunak bilatzea, desberdin pentsatzen dutenak errespetatzea ez dutela gogoko. Horiexek dira Altsasura hurreratu direnak, eskuina eta horren eskuinean daudenak.

Espainia inoizko egoerarik zailenean bizi da, besteak beste, trantsizioaz geroztik irudikaturiko lurralde egiturak porrot egin duelako. Nazionalitate historikoei egin beharreko aitortza eta eman beharreko tokia ezerezean laga ziren nazionalitateak eta estatuko gainerako eskualdeak berdintzeko jarrera nagusitu zenean. Hartara, estatuan deszentralizazio administratiboa izan da batzuek bilatu dutena, askotariko errealitateak putzu horretan urtuz. Jarrera horri Kataluniako eta Euskadiko estatutuak ez gauzatzeko, bai eta lehenago eskuraturiko eskumenak kimatzeko jokabidea gehitu behar zaio. Horrek sorrarazi du gero eta ageriago den krisia eta ez batzuen ustezko setakeriak.

Hamarkadetan hautsi den anfora, zartatu den konfiantza ez dago berreskura-tzerik osagai berriak jasoko dituen akordio berri baten bidez ez bada... eta horrek, ezinbestean, nazionalitate historikoak beharko ditu era bereizgarri eta nabarmenean aitortu, alde bikotasuna gorpuztuz, estatuaren egitura federala gauzatuz, tokiko hizkuntzei gaztelaniaren pareko izaera emanez eta abar. Hori gauzatzeko pedagogia soziala egin beharko da, bereziki, erakundeetan ardurak eta gobernatzeko borondatea duten alderdien aldetik. Horrexegatik, aniztasuna ezabatu nahian ari diren jarrerak, estatuari ikuspegi berri bat ematera ez datozen proposamenak an-tzuak gertatzeaz gainera, lurraldeen artean arrakalak areagotu besterik ez dute egingo, krisia are nabarmenago, ageriago lagaz, erabateko haustura eragin arte.