Síguenos en redes sociales:

Hezkuntza lege berrirantz

Legealdi honetarako jarririko helburuen artean dago Euskadiko Hezkuntza Lege berri bat hezurmamitzea. Gure hezkuntza sistema eguneratzea, gaurko beharrizanei eta erronkei erantzuteko sistema eraberritzeko heldulekuak sortzea da asmoa, betiere, askotarikoen arteko adostasunak ehunduz. Nolanahi ere, akordioak kontuan hartu beharko du gure nahitaezko hezkuntza sistemaren ibilbidea, gutxienez hiru saretan ardaztu dena: herri-erakundeen jabetzapeko ikastetxeak, ikastolak eta bestelakoak. Ondorioz, kontuz ibili beharko da sistema publikoa gainerakoen aurretik jartzeko eta beste sareak baztertzeko adierazten diren asmoekin, guztiak osagarriak ez ezik beharrezkoak ere baitira.

Bestalde, astindu beharko ditugu zenbait uste oker, errepikatzearen puruz nonahi eta nolanahi iltzatu direnak. Horietako bat, migrazioari sistema publikoak erantzuten diola luze-zabalen. Baieztapen hau egiterakoan, kontuan hartu beharko genuke sare publikoaren hedadura eta gainerakoena. Era berean, datuek diote badirela migratzaile andana pilatzen duten ikastetxeak -titulartasuna zeinahi dela- eta batere ez dutenak. Migrazioa arazo gisa baino kudeatu beharreko aukera gisa planteatu beharko genuke, beharrizan handiagoak dituzten ikastetxeetara bitarteko eta laguntza are gehiago bideratuz.

Beste uste okerrak euskararen jabetzarekin dauka zer ikusia. Sarritan entzun dugu gure hezkuntza sistemak ez dituela gure ikasleak erabat euskalduntzen... eta beraz, ereduen sistema aldatzea ezinbestekoa dela. Bibliografia tekniko eta zientifiko ugariak azpimarratu du, behin eta berriz, hezkuntzak, berak bakarrik, ezin duela gure gizartea, gure hiriak eta kaleak euskaldundu. Horrek, ezinbestez, beste eragile askoren, publikoen eta pribatuen, engaiamendua eskatzen baitu. Hezkuntzaren funtsezko arazoa da, berak egin duen adinako esfortzua eta ekarpena ez dutela gainerako eragileek egin, azken hauek beste batzuen bizkar utzi baitute euskara berreskuratzeko egin beharreko ahaleginaren erantzukizuna.

Adibideak ugariak dira: erreferentziazkoak diren azpiegitura kulturalek euskarari aitor-tzen dioten toki apala, zenbaitetan, testigantza hutsezko eskaintzara iristen dena, normaltasunez eta ohikotasunez gaztelaniaz bizi diren bitartean; aisialdian eta kirolaren eremuan gaztelaniaz egiten den eskaintza zabala, gazte gehienak elebidunak direla kontuan hartzen ez duena, gehien-gehienetan funts publikoekin elikatua den arren; herri-erakundeetan oraindik itzulpengintzak daukan pisua, ia erabatekoa dena, euskaraz lan egiteko gaitasuna duten langile publikoak badiren arren... eta abar. Badaukagu zer pentsatua eta zer egina euskarari toki duina emateko, bai eta euskaraz jarduten duen hiztun elkarteari mendekotasunaren harlauza gainetik ken-tzeko ere.

Aukera berdintasuna ahalbideko, ahulenen aldeko proposamenak; tokiko erronkei eta beharrei erantzuteko, hezkuntza erkidegoaren parte hartze eraginkorra segurtatzeko, mekanismoak; hezkuntza administrazioa bera modernizatzeko heldulekuak; toki erakundeek esku hartzeko moduak; aniztasunaren trataera; sareen finantzaketa; gure gizartearen beharrei lotu emaitzen jarraipena eta abar. Horra hor, Hezkuntza Lege batean aztertu eta adostu beharko liratekeen zenbait kontu, aurreiritzirik gabe guztion aldetik ahalegintzea eskatzen dutenak.