Sentsazino arraroagaz urten neban San Mamestik Valentziaren aurkako partiduaren ostean. Egia esateko ez dakit aurretik inoiz holan urten dotenik. Izan be, uste dot Athleticek ikaraz jokatu ebala zapatuan Katedralean, helburu nagusia ez galtzea zala. Eta partidua San Mamesen jokatuta, onartuezina iruditu jatan. Aurkariaren kalitateak eta indarrak goitik behera baldintzatu eban zuri-gorrien jarduna. Ez gagoz ohituta horrelakoak ikustera San Mamesen. Beti pentsau izan dot gure taldea edozein aurkari menderatzeko gauza dala etxean jokatzen dauenean. Zalantzaren bat baneukan, Eduardo Berizzok argitu egin eustan partidu osteko prentsaurrekoan. Athleticeko entrenatzaileak esan eban Valentziaren aurkako partidua aurrepausua izan dala bere taldearentzat, etorkizunera begira mugarri lez ipinita ganera, atzealdean erakutsitako sendotasuna nabarmenduz. Harrituta geratu nintzan. Egia da, bai, Athleticek ondo lotu ebala aurkaria -lehenengoz denboraldi honetan Athleticek ez eban golik jaso- bai, baina erasoko jokoa aztertuta, zuri-gorriek ia ez eben arriskurik sortu Valentziaren atean eta azken minutuan Raul Garciak egindako jaurtiketan bakarrik egon ziran gola sartzetik hurre. Partidua bapezna egonda eta San Mamesen jokatuta, Berizzok ez eban hamaikakoa ikutu gura eta partidua amai-tzeko hogei minutu geratzen ziranean egin eban lehen aldaketea. Hamar minuturen faltan sartu eban Muniain eta lehia amaitzear egoala zelairatu eban Unai Lopez. Entrenatzaileak ontzat emoten eban bardinketea. Caparros eta Clemente etorri jatazan gogora.
Onartu beharra dago Athleticek Valentziaren aurka izan eban itxuraldaketea ez zala ezustekoa izan. Partidu aurreko prentsaurrekoan Berizzok argi eta garbi esan eban indarra eta agresibidade edo oldarkotasunaren aldeko apostua egingo ebala, futbolaren kaltetan. Ondorio horretara heldu zan entrenatzailea Reala, Eibar eta Rayo Vallecanoren aurkako partiduetan gertatutakoa aztertu ondoren. Gero esan eban gauza batek ez dauela bestea kentzen, aurretik egindako iragarpena zehaztu edo leundu gurean edo. Kontua da, Berizzok goitik behera aldatu ebala erdialdea Valentziari aurre egiteko. Aurreko partiduetan Dani Garciagaz batera jokatu eben Muniain eta Unai Lopez kendu eta San Jose eta Mikel Rico zelairatu ebazan Valentziaren erdialde “indar-tsua”ri aurre egiteko. Entrena-tzaileak aitortu ez arren, aldaketa horreek ez datoz bat Athleticera heldu zanean saldu eban joko erasokorra eta ikusgarriagaz.
Liga txapelketako lehen partiduan, Leganesen aurka San Mamesen, Berizzok Dani Garcia, Muniain eta Unai Lopez zelairatu ebazan hasierako hamaikakoan, aurretik Susaeta, Aduriz eta Williams zirala. Real Madriden aurka, Dani Garciak, Beñatek eta Muniainek osotu eben erdialdea. Garbi ikusten da entrena-tzaileak joko landuaren aldeko apostua egiten ebala. Berizzo, baina, ez da pozik geratu taldeak emondako errendimenduagaz eta orain artekoari uko egin eta beste bide bati ekin deutso.
Athleticek garaipen bakarra lortu dau lehen hamar jardunaldietan eta esan beharrik ez dago entrenatzaileak erabagiren bat hartu behar dauela taldearen ibilbide makala zuzen-tzeko. Dana dala, Valentziaren aurkakoa ikusita, Berizzo zuritik baltzera igaro dala esan geinke, erdibideko aukerak baztertuta. Espanyol eta Atletico de Madriden zelaietan jokatuko dabe zuri-gorriek hurrengo jardunaldi bietan eta indarra eta agresibitatea ezinbestekoak izango dira, baina beti be jokatzeari uko egin barik.