Hamasei egun luze igaro dira Realaren eta Eibarren aurkako partiduen artean eta ikusitakoaren arabera, liga txapelketan izandako etenak ez deutso onik egin Athletici. Izan be, Eduardo Berizzoren taldeak denboraldiko partidurik eskasena egin eban Ipuruan, puntu bat eskuratu arren. Emaitzea izan zan Ipuruan jokatutako partiduko gauza on bakarra bilbotarrentzat. Entrenatzaileak uko egin eutson bere betiko filosofiari, partidu osoan Riesgoren atera bi bider bakarrik jaurti izanak argi eta garbi erakusten dauen legez. Eibarren zelaitik bizirik urtetea izan zan zuri-gorrien helburu bakarra eta bete egin eben, puntu bategaz itzuli ziran-eta. Berizzoren taldea, baina, ez zan protagonista izan, Jose Luis Mendilibarren taldearen menpe egon zan-eta partidu osoan. Partidua jokatu baino lehen danok genkian Ipurua zelai txikitxoa dala eta Eibarrek haginka egiten dauela, baina ezin da aitzakirik onartu denboraldiko partidurik txarrena egin izana justifikatzeko. Hile bi igaro dira Athleticek denboraldiko garaipen bakarra eskuratu ebanetik eta Berizzoren taldeak hoberantz barik txarrerantz egin dau. Kezkatzen hasteko moduko panoramea.

Ipurua lehen mailako zelai txikienetakoa da. San Mames, Nou Camp, edota Benito Villamarin baino metro bi laburragoa eta hiru metro estuagoa. Baina beti izan da halakoa. Ez dabe txikitu domekan Eibarrek eta Athleticek jokatu eben partidurako. Horregaz batera, Eibar taldearen aulkian Jose Luis Mendilibar egonda garbi egoan zelako aurkariak aurkituko ebazan Berizzoren taldeak Ipuruan. Hori guztia aurretik jakina izan arren, Athleticeko jokalariak ez ziran gauza izan aurkariari behar dan moduan aurre egiteko. Eibarren zelaian garaipena eskuratzeko aukeraren bat eukiteko, jarrera aldetik ezin zara etxeko jokalariak baino gitxiago izan, bestela borroka guztiak eurentzako izango diralako domekako partiduan gertatu zan moduan. Unai Lopez zelairatu eban Berizzok zelai erdian, Beñat Etxebarriaren hutsunea beteteko, Dani Garcia eta Iker Munianegaz batera, ustez baloia ikutzearen aldeko apostua egiteko. Partidua hasi eta minutu gitxira garbi geratu zan zelai erdia Eibar taldeko jokalariena zala, Pape Diop eta Jordanen nagusitasuna erabatekoa zan-eta. Zuri-gorriak desagertuta egozan, burua nondik atara jakin ezinik. Nou Campen eta Benito Villamarinen partidu ederrak jokatu ostean, Eduardo Berizzoren taldea hondoratu egin zan Eibarren zelaian. Atsedenaldiaren ostean zeozer aldatuko zala uste genduanok erratu egin ginan, taldeak okerreko bidetik segidu dau-eta. Boxeo borroka bategaz alderatuta, Athletic ringetik lehenbailen urteteko kanpaia noiz entzungo zain dagoan boxeolariaren antza eukan. Eduardo Berizzok egindako aldaketek garbi erakutsi eben entrenatzailearen asmoa Ipuruatik bizirik urtetea baino ez zala. 68. minutura arte ez zan hamaikakoa ikutzen ausartu eta partidua bardinduta egonda garaipenaren aldeko apostua egin beharrean, bardinketeari eustearen aldeko apostu garbia egin eban Mikel San Jose zelairatuta ezinean eta galduta ibili zan Munianen ordez. Beste aldaketa biak, denborea galtzeko baino ez ebazan egin entrenatzaile argentinarrak.

Baikorra izan gurean, Athleticek hoberantz bakarrik egin leike hurrengo partiduetan Ipuruan baino txarrago jokatzea ia ezinezkoa da-eta.

Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dau Athleticek bihar eta Vallecasko zelaia Ipuruakoa baino txikiagoa da. Eibarren gertatutakoa ikusita eta ondo aztertuta, itxaron daigun beste Athletic bat ikustea biharko partiduan. Bestela, txarto ikustekoak gara.