Síguenos en redes sociales:

Desorekez eta antzeko trataerez

Konstituzio Epaitegiak ezetsi berri du Lomce Legea dela eta, 2014. urtean, Euskadik jarririko eskumen-gatazka. Auziak, besteak beste, nahitaezko eskolaldian, gaztelaniari erkidegoetako hizkuntza ofizialei ematen zaien antzeko trataera emateko, estatuak gorde-tzen duen eskumenarekin dauka zer ikusia. Jakina denez, estatuak hartutako erabaki horrek murgiltze-ereduaren kontra abiarazitako kanpaina bat izan zuen oinarritzat, bereziki, Katalunian duela zenbait hamarkadatik indarrean dagoen ereduaren kontrakoa, hain zuzen... baina Euskadiko eskumenak ere baldintzatzen ditu, horrenbeste non azken hamarkadetako hizkuntza-plangintza bera ere baldintza dezakeen.

Mendeen joanean euskarak, galegoak eta katalanak atzera egin zuten estatuak hizkuntza horiek baztertzeko eta gaztelania nonahi eta nolanahi inposatzeko harturiko erabakiengatik. Ondorioz, galera prozesua ez zen berez gertatu, berariaz bilaturiko zerbait izan baitzen. Atzealdean zegoen eta dagoen ideologia ezaguna da: hizkuntza aniztasunak herritarrak desberdintzen ditu eta hizkuntza bakarrak, berriz, berdindu. Horixe izan da Frantziako Iraultzaz geroztik mugaz bi aldeetako agintarien artean iltzatu den pentsaera, estatu hizkuntzen aldekoa dena eta lehenagotik zetorren ibilbidean sakontzea ekarri duena.

Espainiak eta Frantziak gauza bera esango lukete Europako egitasmo komuna eraiki-tzeko, ingelesa -hizkuntza bakarra- ardatz hartu eta gainerako estatu hizkuntzak -aniztasuna- baztertu behar direla proposatuko balitz? Bistan da, ezetz! Ezinbestez, indarberritu ahal izateko, euskarari, katalanari eta galegoari trataera desorekatua eman behar zaie Euskadin, Katalunian eta Galizian berdintasun batetara noizbait iritsiko badira. Ahulenaren aldeko politika esaten zaio horri.

Franko diktadorea hil ondoren, eginiko gehiegikerien ondoren, Espainian tokiko hizkuntzei nolabaiteko aitortza egin zitzaien, erkidegoen esku utziz horiek indarberritu ahal izateko politika publikoak garatzeko ahalbidea. Baina, estatuak errezeloz hartu ditu galegoa, euskara eta katalanak indarberritzeko erabaki oro. Auzitegietan helegiteak, Lege Organikoen bidez eskumen horiek kimatzea eta baldintzatzea, aurrerabide oro galgatzea eta abar, horra hor estatuak urteetan egin duen ekarpena. Ez du erabaki bakar bat hartu gutxiagoturiko hiztun elkarteen eskubideak zaintzeko... eta, nazioarteko itunen ondorioz, baten bat hartu behar izan duenean, erkidegoetako borondatearen altzora jaurti du gauzatzeko erantzukizuna.

Euskarak, galegoak eta katalanak asko egin dute aurrera, bereziki, lurralde bakoitzeko herri-erakunde eta gizarte zibilaren konpromisoari esker... baina frankismoaren osteko kemena apaltzen ari den eta hizkuntza horiek erronka berriei aurre egin beharrean aurkitzen diren honetan, beharbada, azken urteetako ibilbideari begiratua emateko eta gaurko zein etorkizuneko erronkei erantzuteko, estrategia berriak birpentsatzeko, adostasun berriak erdiesteko eta gizartearen aitzindaritza azpimarratzeko mementoa iritsi da.