Historia berridatzi beharraz
HISPANITATEARENA gizateriaren garairik distiratsuena izan dela baieztatu digu PP alderdiaren buruzagiak. Horretarako, bi alderdi azpimarratu ditu. Espainiarrei esker Mundu berri bat aurkitua izan zela eta Espainiak beste lurralde batzuekin hizkuntza eta kultura-loturak manten ditzakeela. Haren ustez, ez baita egon pareko fenomenorik azken bi mila urtean, Erromatarren garaia ez bada. Zinez, harrigarriak izan daitezke baieztapen hauek 2018. urtean... baina halaxe egin ditu, jende askoren artean harridura sorraraziz.
Historiaren ikuspegi egozentriko batek eraman gaitu pentsa-tzera europarrok -bereziki ba-tzuk- izan garela zibilizazioaren oinarria eta abiaburua... eta nagusikeriazko jarrera horrek bultzatu du, halaber, beste pertsona batzuk esklabo bilaka-tzea, Mundu osoan zehar herriak mendean hartzea, bai eta beste kulturak eta hizkun-tzak baztertzea ere. Izan ere, espainiarrek, zein askoz lehenago Europako beste lur-eremu batzuetatik Mundu Berrira joandakoek, ez zuten pertsonarik ez zegoen lurralde bat aurkitu... han baitzeuden milaka urtez bizi ziren gizataldeak, beraien bizimoduak, hizkuntzak eta kulturak bidaide zituztenak.
Mapak-eta irudikatzean, nagusikeriazko jarrera horrek eraman gaitu Europa dena baino askoz handiagoa irudikatzera... eta gainerako kontinenteak direna baino txikiago direla erakustea. Beste horrenbeste gertatu da, lurralde horiekiko harremanen nondik-norakoak belaunez belaun transmititzen saiatu garenean. Europar batzuekin alderatuta, gainerakoak arloteak eta atzeratuak zirenez gero, kosta ahala kosta zibilizazioa ezarri behar zitzaien, gogoz kontra eta jatorrizko herritarrak akabatu behar baziren ere. Dena izan zen zilegi eta onargarri, ustez zibilizatuak ziren Europako herrialde batzuentzat.
Amerikara eramandako gaixotasunak, milaka eta milaka pertsonen hilobiratzea ekarri zutenak; menpean, hainbatetan esklabo hartutako edota miseriara kondenaturiko gizatalde andana; desagertze bidean jarritako hizkuntzak eta kulturak; Europaren garapena ahalbide-tzeko neurririk gabe ustiaturiko baliabideak... zenbat injustizia, besteak beste, Mundu Berriaren aurkikuntzaz jardutean inoiz aipatzen eta kontatzen ez direnak.
Mundu Berriaren ustezko aurkikuntza ez zen idilikoa izan, ez eta ezeren truke egin ere... horren atzealdean, baliabidez aberatsak ziren lur-eremu zabalez jabetzeko asmoa baitzegoen Europako potentzien mesederako. Ustezko zibilizazioak zor handia du oraindik kitatzeko: eginiko gehiegikeriak onartzea eta miseria gorrian dauden jatorrizko herritarrei barkamena eskatzea. Mundu osoan zehar badira gizataldeak erreparazio eske ari direnak: kulturak eta hizkuntzak beren-beregi aitortuz, autoeratzeko eskubidea onartuz eta gaurdaino iraun duen kolonialismo ekonomikoa, kulturala eta linguistikoa erabat baztertuz.