Zortzi jardunaldi joan dira Liga Txapelketa hasi zanetik eta Eduardo Berizzoren ontzian ura sartzen da eta, jakina, itsasoan ondo nabigatzeko ezin da horrelakorik gertatu, arazoari konponbidea emon ezean on-tzia hondoratu egin daiteke-eta. Vila-realen aurkako porrotak min handia egin baeban, Realaren aurka jasotakoak zalantza bat baino gehiago sortu dau. Sekulako dezepzinoa izan zan. Berizzoren taldeak protagonistea izan gura dau zelaian, bai, baina baloiaren jabetzea daukanean ez dau asmatzen aurkariaren atean arriskua sortzeko orduan. Hori gitxi balitz, zuri-gorrien aurkariek erreztasun handiak eukiten dabez Unai Simonen atea zulatzeko. Partiduak area bietan erabagitzen dira eta Athletic txarto dabil batan zein bestean. Berizzok argi dauka zelan jokatu gura dauen baina taldeak arazo handiak daukaz entrenatzailearen jokatzeko erea zelairatzeko orduan. Zeozer aldatu beharko dau ez goaz bide onetik-eta.

Ilusinoz beterik joan ginan San Mamesera Realaren aurkako derbia ikustera. Vila-realen aurkako partidu mingarriaren ostean, zuri-gorriek lan bikaina egin eben Nou Campen Bartzelonaren aurka. Halan ba, partidu biribilaren bila urten eben Realaren aurka. Berizzoren taldea indartsu zelairatu arren, apurka apurka indarra galtzen joan zan atzealdean ondo ordenatuta itxaroten eutson taldearen aurka. Baloia ikutu eta ikutu ibili ziran etxeko jokalariak baina gehienetan ezkerretik-eskumara eta eskumatik-ezkerrera, ezelako sakontasun barik. Hori gitxi balitz, Realak ederto baliatu ebazan Berchiche, Yeray eta enparauek atzealdean egindako hutsak.

Athleticek partidu bakarra irabazi dau zazpi jardunalditan, eta berori azken minutuan sartutako golari esker. Ganera, ez dogu ahaztu behar zazpi partidu horreetako bost San Mamesen jokatu dirala. Ganera ia gol bi jaso dauz partiduko. Kontuak kontu, amildegiaren ertzean dago Berizzoren taldea. Baina sailkapeneko egoerea baino kezkagarriagoa da taldeak -etxeko partiduetan batez be- erakusten dauen ezintasuna aurrealdean eta ahulezia atzealdean.

Athleticeko entrenatzaileak ondo aztertu behar dau Vila-real edota Realaren aurka txarto egindakoa. Gol bat alde eta sei aurka etxean jokatu eta galdutako partidu bitan. Aurrealdeari jagokonez, ondo balorau beharko dau Iñaki Williamsek hegaletik ala erditik jokatu behar dauen. Erditik jokatzen dabil denboraldi honetan eta ahalegin itzela egin arren asmatu ezinik dabil ate aurrean. Ezker hegalari jagokonez, hegaleko barik jokatzen dau taldeak Iker Muniainek erdirantz egiten dauelako. Berchichek ez dau minik egiten eta bien bitartean Iñigo Cordoba deialditik kanpo. Zelai erdiari jagokonez, Dani Garcia eta Beñaten aldeko apostua garbia egin dau entrenatzaileak baina baloia asko erabili arren ez dabe min egiteko jokorik sortzen. Ez dakit zein dan konponbidea baina garbi daukat Berizzok zeozer ikutu behar dauela hamaikakoan zein jokatzeko eran. Arazoak berez konponduko dirala pentsatzen badau txarto ikustekoak gara. Eta beste gauza bat: entrenatzailea ez dabil asmatzen partiduetan aldaketak egiteko orduan, ezer ez da aldatzen-eta.

Athleticek ez dau liga txapelketako partidurik jokatuko hurrengo astegoienean. Gatxa da jakitea atsedenaldia ondo edo txarto jatorkon egoera honetan dagoan talde bateri. Eibar daukie zain zuri-gorriek Ipuruan eta garbi dago derbi gogorra izango dala. Bien bitartean gozatu daigun geure selezkinoaren partiduagaz Mendizorrotzan.