Síguenos en redes sociales:

Klima aldaketa abiada bizian

Nazio Batuen Erakundea aholkatzen duen zientzialari taldeak ohartarazi du aldaketa esanguratsuak eta bizkorrak behar direla baldin klima aldaketari galga jarriko bazaio. Izan ere, Parisko Itunean jasotako konpromisoen artean, mende honen amaierarako, Lurraren tenperatura, gehienez, 1,5 gradutan haztea ezarri zen. Nolanahi ere, duela gutxi aurkeztu den txosten batek aditzera eman duenez, Parisko Itunean jarririko helburu hori askoz lehenago gauzatuko da, 2030-2052 aldian, hain zuzen.

Norbaitek esan dezake Lurrak lehenago ere izan dituela hotzaldiak, bai eta beroaldiak ere... eta guztietan bizitzak aurrera egiteko modua izan duela. Kontua da oraingoan aldaketaren atzealdean gure espeziea dagoela, Industria Iraultzaren ondoren, neurririk gabe baliabideak ustiatu eta, besteak beste, berotegi efektua eragiten duten gasak isur-tzen ari delako. Ondorioz, hainbat lur-eremu itsasoaren azpian laga-tzen, sikateen eragina eta eremuak areagotzen, osasuna kaltetzen, ur edangarria murrizten, muturreko klima fenomenoak eragiten eta migrazioak indartzen ari den joerari galga jartzeko, hartutako konpromisoen gauzatzea bizkortzea ezinbestekoa izango da.

Epe oso laburrean garraioan, laborantzan, hiri eta herrietan, industrian, argindarra ekoizteko moduetan... bai eta giza ohituretan ere aldaketa bizkorrak bultzatu beharko dira klima aldaketari aurre egin eta bere kalteak ahalik txikienak izan daitezen lortzeko. Horrek, ezinbestean, kontzertazioa eskatuko du, askotariko eragileen aldetik diru parrastadak inbertitzea... bestela ondorioak are gogorragoak izango baitira, neurriz kanpo jendez hazten ari den mundu honentzat eta bertan bizi garenontzat.

Espezieak desagertzen ari dira, ia oharkabean. Eremu bateko landare zein bestelakoak beste lur eremu batzuetara egiten ari dira jauzi, ingurumenari demaseko kalteak eraginez. Ematen du pertsonok gure biziaroa hartzen dugula kontuan, gure ondorengoek nozituko dituztenengatik paso eginez. Oraindik ez dugu barruratu Lurra ezin dezakegula nahierara erabili, bertan bizi gaitezkeela bakar-bakarrik, hots, ez daukagula beste norabait joaterik. Ez dugu ulertu, zientzian gertatzen ari diren aurrerakadak gorabehera, gure espeziea lurraren bilakaerarekin erabateko lotura duela.

Jada azken hamarkadetan eragindako kalteari buelta ematea ez da posible, aldaketa klimatikoaren kontrako borroka, jada, galduta baitago. Kontua da neurriak hartzea, eragiten ari garen aldaketa areagotu ez dadin, kontrolagaitzagoa eginez, gure espeziaren iraupena bera ere zalantzan jarriz.