zARTADA gogorra jaso eban Athleticek Vila-realen aurka San Mamesen eta bat baino gehiago hasita egoan argi gorriak biztuten. Horrelako kasuetan lehenbailehen geratu behar da edur bolea, handiegia eta geraezina bilakatu baino lehen. Eduardo Berizzoren taldearen erantzuna bikaina izan da, egungo liga txapeldunaren zelaian balio handiko puntua eskuratuta. Puntu bat baino ez da, bai, baina ez da ahaztu behar Athleticek hamalau urte eroiazala Cam Noun ezer lortu barik. Entrenatzaileak sarritan esaten dauen lez, emai-tzen ganetik talde honek nortasun handia erakusten dau zelaian, badaki zer egin behar dauen bedartzan. Eduardo Berizzoren proiektua hasi baino ez da egin eta apurka-apurka hobetzen joango da, beti be iparra non dagoan argi izanda.
Entrenatzaile batentzat ez da erreza izan behar aukeratzea zelan jokatu Bartzelonaren aurka Camp Nou futbol zelaian, halan edo holan jokatu arren gehienetan galtzea toketan dalako. Eduardo Berizzori, ostera, partidu horrek ez deutso burukomin handirik sortzen, jokatzeko moduari jagokonez behintzat. Argentinarrak argi eta garbi dauka zelan gura dauen jokatzea bere taldeak eta bardin deutso non jokatu. Athleticeko jokalariek Bartzelonaren bila urten eben lehen minututik aste bete lehenago Benito Villamarinen egin eben moduan. Eta partidu bietan, zuri-gorriek estrategiak ondorio positiboak ekarri ebazan markagailuan aurretik ipintea lortu ebelako. Bartzelonan partiduko 41.minutuan aurreratu ziran Berizzoren gizonak baina aurretik beste aukera garbi bi euki ebezan aurkariaren atea zulatzeko. Williamsek, baina, ez eban asmatu Ter Stegenen ate aurrean. Athleticeko aurrelariaren lana txapela kentzekoa bada be, aukera garbi gehiegi alperrik galtzen ditu. Agian, aukera guzti horreek sareetara bialduko baleuz, ez litzateke Athleticen egongo, aurrelari goleatzaileak garesti saltzen dira-eta.
Athleticek bost puntu baino ez dauz lortu azken bost jardunaldietan eta ez dau garaipenik eskuratu abuztuaren 20an lehen jardunaldian Leganes menderatu ebanetik San Mamesen. Datuak ez dira onak, ez. Edozelan be talde honek erakutsi dau zer egiteko gauza dan, Real Madrid, Betis eta Bartzelonaren aurkako partiduetan batez be. Egia da, taldeari partidu biribila egitea falta jakola, hasieratik amaierara arte aurkaria menderatzea. Berizzoren taldeak argi dauka zein dan bidea eta garaipen biribil hori laster lortuko dauela esatera ausartuko nintzateke. Hori bai, argi euki behar dogu Vila-realen aurka 0-3 galdu ostean ez ginala hain txarrak eta Bartzelona menderatzeko zorian egon ostean ez garala hain onak.
Berizzok taldearen lana nabarmentzen dau beti jokalarien ganetik. Edozelan be, goraipatzekoa da Oscar de Marcosek egin eban lana Bartzelonaren aurkako partiduan, seguru defentsan eta nekaezin erasoan. Beragaz batera, Dani Garciaren lanak oreka handia emoten deutso taldeari. Txalotzekoa baita, Peru Nolaskoain gaztearen lan serioa Nou Campen. Txanponaren beste aldean, Yuri Berchiche ipiniko neuke. Zarauztarra hasieratik dabil jokatzen partidu guztietan baina bere errendimendua espero baino makalagoa izan da. Athleticen ezker hegalak ez dau minik egiten erasoan edo nahi baino min gitxiago egiten dau. Alde horretatik, faltan botaten dot Iñigo Cordobak minutu gehiago izatea zelaian.
Realaren aurka eukiko dau Athleticek partidu biribila egiteko lehenengo aukerea. Asier Garitanoren taldeak garaipen bi lortu dauz etxetik kanpo eta ez da aurkari erreza izango.