GARAI megamoderno honen hasieran musika izan zen, jendeak deskubritu zuen ez zela beharrezkoa ordaintzea musika eskuratzeko: gailu berriei eta argudio zaharrei esker, norberak zuen musika beste batzuekin partekatu ahal bai-tzuen, zinta zaharrekin egiten zen bezalaxe (zinta zaharrak erosi beharra zegoen, jakina). Edo, beharbada, musika ez zen lehena izan, filmak baizik: bideozintak grabatzen genituen betidanik, bai, baina filmak edo telesailak dohanik jaistearena guztiz berria izan zen. Argudio xaloak erabiltzen ziren: dena dago eskura, dena da libre, dena da dohanik, kultura denontzat da, ohitura modernoen kontra jotzea elitista da. Elkarlaneko ekonomiaz hizketan hasi ginen, betiko industria batzuen hondamendia ikusten genuen bitartean. Liburuen txanda iritsi zen geroago, eta beste gauza eta arlo askorena. Egunkariak. Taxiak. Dendak. Hotelak. Musika dohanik jaisten zuen taxi-gidariari edo dendariari ere heldu zitzaien ordaina: bidaia egin nahi duenak taxia ez den beste aukera batzuk ditu, zerbait erosi nahi duenak ez du zertan denda batera joan behar (The New Yorker aldizkariaren lehen orrialde ospetsu hura dut buruan). Gehitu low-cost merkezurrekoa, gehitu lan kontraturik ere ez duten langileak (co-workerrak dira, ez langileak, mesedez), gehitu erretorika sasimodernoa eta emaitza ustezko elkarlaneko ekonomia ustez berria dugu, betiko ekonomia kapitalista zaharra baino ez dena: etekinak, etekinak eta etekinak. Pentsatuko duzu agian zure lan arloa babestuta dagoela, ez zaizula ailegatuko ekonomia berriaren olatua. Oker zaude. Deslokalizioa izan daiteke, low-cost zerbitzu berri bat, aldaketa bat (txarrerako) zure lan kontratuan, noizbehinka epaitegiren batean aldeko epaia izango duzu (orain Deliveroo-n gertatu den bezala), baina utzi esperantza edo prestatu borroka. Ezagun batzuk oso harro zeuden apartamentu on eta merkeak lortzen zituztelako oporretarako webgune horietako batean (ez dut propagandarik egingo), behin etxera bueltatzean konturatu ziren pisu turistiko berriak zeuzkatela eraikinean. Kexaka hasi dira.