Aniztasuna versus inposaketa
Ez da oraingo kontua, iraganetik datorren auzia baizik. Horrela, Macron Frantziako Errepublikako presidenteak Korsikara egin berri duen bisitan “Frantziako Errepublikan hizkuntza ofizial bakarra dago eta hori frantsesa da; elebitasuna ez da koofizialtasuna” berretsi du. Ondorioz, ez du heldulekurik eskaini korsikeraren ofizialkidetasuna onar-tzeko. Izan ere, aditzera eman duenez, hizkuntza-aniztasunak herritarrak desberdintzen ditu... eta hizkuntza bakarra izateak, berriz, berdindu. Horra hor, Frantziako Errepublikaren askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna nola mugatzen eta uler-tzen duten Frantziako agintariek. Hiztun-elkarte txikiak behar dira desagerrarazi subjektu nazional eta bateratua lortuko bada.
XIX. mendeko Espainiako liberalek iturri beretik edan zuten herritarren arteko senidetasuna gertatzeko, tokiko hizkuntzak are gehiago baztertu eta gaztelania nonahi eta nolanahi ezarri behar zela baieztatu zutenean... eta ildo ideologiko inposatzaile horren altzora hartu ziren ondoren erabakiak, besteak beste, nahitaezko eskolaldia ezartzean. Espainiaren batasuna -lurraldez eta hizkuntzaz- aldarrikatzen dutenentzat, beraz, oztopoa ez ezik haien interesak erdiesteko arriskutsua ere bada hiztun-elkarte txikiek, mendeetako bazterkeriari aurre eginez, bizirik segitzea, bai eta biziberritzeko ahalegina egitea ere.
Ciudadanos alderdiak hiztun-elkarte txikien kontra Katalunian hasi eta estatu osora eraman duen gurutzadaren arrimuan, Espainiako presidenteburuak aditzera eman du harrigarria iruditzen zaiola “herritarrek nahi ez dituzten hizkuntzak inposatzeko ahalegina”ri buruzko eztabaida egotea. Noski, besteak beste, euskarari, katalanari, okzitanierari, galegoari buruz ari da. Ahaztu egiten zaio, ordea, Espainiako konstituzioaren 3.1. artikuluak dioena: “Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute”. Beraz, espainiar guztiei, haien iritziak, nahiak eta gogoak gorabehera, gaztelania jakitea inposatzen zaie. Ez hori bakarrik, tokian-tokiko estatutuen altzoan gainerako hizkuntzei ematen zaien aitormenak ez dauka inolako eraginik Erkidego horietan estatuak garabidean duen ohiko jardunbidean, sinbolikoa izanik izan ohi duten presentzia.
Baina Ciudadanos alderdia harago joan da euskarazko eskolara-tzeak lanbide -eta adimen- aukerak eskasten dituela baieztatu duenean. Probokazioa da, laido larria, Espainian politika egiteko moduak islatzen dituena. Nolanahi ere, halakoei garrantzirik kendu gabe, bada sasoia geure eguneroko jardunari erreparatzeko. Euskararen biziberritzea irabazi gabe dagoen kontua da. Gauzak horrela, euskarari dagokionez zertan ari gara herri-erakundeetan -Udal, Mankomunitate, Gobernu, Diputazio eta abar-, lantegietan, hedabideetan, kirol eta aisialdi elkarteetan, taberna eta jatetxeetan, familian... nonahi, euskarak iragana ez ezik etorkizun hobeagoa izan dezan? Ezen Espainian nork bandera handiagoa erakusteko egiten ari diren ahalegin horren aurrean, arropak urratzea eta asaldatzea itxurak egitea baita, gaztelaniaz eroso bizi eta euskara biziberri-tzeko dezakeguna egiteko epel antzean ari bagara!