Bihotza
Gure artean nonahi eta nolanahi zabalduta dagoen Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza kontuari hainbatetan bihotza, engaiamendua, kontzientzia, elkartasuna, enpatia, hurbiltasuna... hots, arima falta zaiola azpimarratu zuen Jose Ramon Barea aktore, zuzendari eta ekoizle ezagunak igande honetan, Sabino Arana Sarietako bat jaso zuen unean. Ez du arrazoirik falta! Nioen nire baitan. Beharbada, bizitzea tokatu zaigun gizarte moderno honen ezaugarrietako bat da eremu hurbiletik ahalik gehien alden-tzen saiatzea, bizi ez ditugun arazoekiko distantzia eta hoztasuna erakustea, horrek gure ongizatean zalantza sorrarazi dezakeenean, are nabarmenago... nago, ahalik ondoen bizi nahi dugula, gainerakoen ezintasunek eta estutasunek ia ardurarik ez digutela, horiei herri-erakundeek heldu behar baitiete, kasurik onenean.
Baina... beti dago esperantzarako zirrikitu bat, saiatzen dena NItik GUrako tartea azpimarra-tzen, iradokitzen diguna gizarte bezala etorkizunik ez daukagula bihotza galtzen dugunean... Ez garelako ia ezer lagun hurkorik, auzorik gabe... ez dugulako lasai bizitzerik, bizitzeko lehengaiak falta dituztenen ondoan egon gabe! Bai! Bihotz taupadak zerien sariei, aitormenei are hobeto esan, adibidez, gizartea saretzen, kohesionatzen, esklusioa gainditzen saiatzen den Kooperaren ekarpena aitor-tzean. Beste horrenbeste esan daiteke, egoera zailean, frankismo gorrian, kultur basamortu bilakatu nahi zen eremu batean, kulturaren alde jarduteko engaiamendua erakutsi zuten aktoreak -Jose Ramon Bareak ezin hobeto ordezkatua- zein Gerediaga gogorarazi zirenean.
Orain, han eta hemen aukera ugari ditugunean, zenbaitetan kultura kontsumorako -ez besterik- gai gisa barreiatzen denean, komeni da kulturak entretenimendutik harago, kontzientziak astintzeko, gizartea eraldatzeko, eraikitzeko eta desberdintasunei aurre egiteko duen funtzio soziala sendotasunez azpimarratzea... ez euskara, ez eta euskal kultura ez lirateke gaur dauden egoeran egongo pasa den mendearen erdialdean hainbatek horren kontzientzia hartu eta horretan aritu izan ez balira.
Enpatia, hurbiltasuna, konpromisoa, engaiamendua, kon-tzientzia... hasieran aipaturiko berba guztiak behar dira, barruratu behar ditugu emakumeen jazarpena salatzeko eta bazter-tzeko orduan. Gizarte aurreratu batean ezin gaitezke lasai bizi emakumeen eta gizonen artean egiazko berdintasuna gertatzen ez den artean. Duintasuna ezin aldarrika dezakegu emakumeei, emakume izateagatik, duintasuna ukatzen zaienean... irribarrea bisaiatik ezabatzen zaienean, kale bazterretan lasaitasunez ibiltzerik ez dutenean. Erabakiak askatasunez hartu ezin dituztenean... Ez, ez dugu begirunerik merezi, gainerakoei ez diegunean... ez eta halako gertaera lazgarrien aurrean, beste aldera begiratzera muga-tzen garenean!