Izan zirenei gorazarre
Gaur egungo belaunaldiei galdetuko bagenie euskararen batasunaz, horrek euskara biziberritzeko ekarri duenaz... gure garapen politikoa, linguistikoa eta kulturala ahalbidetzen duten bestelako euskarri eta gainegiturez, beharbada ez lirateke gauza izango duten garrantzia azpimarratzeko, ez eta jatorriaren nondik norakoak azaltzeko. Akaso, garena hezurmamitzeko erabakigarriak diren zimentarri horiek alboan dituztela jaio eta bizi direlako. Beharbada, horrexegatik ez dute bere neurrian balioesten egin dena... gehientsuenek nondik abiatzen ginen ere ezagu-tzen ez dutelako. Nolanahi ere, errua geurea dela begitantzen zait, ez dugulako jakin edo ez diogulako garrantzirik eman gure iragana behar den bezala transmititzeari.
Euskararen batasuna dela eta, aita pontekoak ateratzen ari dira nonahi eta nolanahi -zerbait positiboa ekarri duen seinale-, batzuen ekarria goratzen da, beste batzuena inon azaltzen ez den bitartean. Inguruabar horretan, inor gutxik azpimarratzen du, pasa den mendeko 50. hamarkadan, Frantziskotarrek emaniko bultzada, gerora etorri zirela azkenaldian han eta hemen aipatzen direnak... Baina, haizea aldekoa ez zenean eta erresistentziak ugariak zirenean, saiatu zirenak ahaztea bezain kezkagarria da ez azpimarra-tzea batasuna herri honen auzolanaren emaitza izan dela. Ezen, batasunak aita ponteko ugari baititu: irakasleak, itzultzaileak, hizkuntzalariak, idazleak eta abar... bidea egiteko konpromisoa hartu zutenak, hainbatetan proposatzen zirenekin bat etorri ez arren.
Asteburu honetan beste efemeride bat igaro da, oharkabean. Urtarrilaren 12an bete dira ehun urte Landaburuk, Elgezabalek eta Rotaetxek Euskararen Akademia sortzeko proiektua Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu zutena. Proiektu horretan, euskara biziberritzeko zeuden zailtasunak, euskararen hiztun elkartearen egoerari buruzko kezkak, sortzeko zegoen erakunde horren zereginak, funtzionatzeko oinarrizko orientabideak eta abar agertzen ziren... bai eta erakunde berri horretan euskararen lurralde guztiak kontuan hartu behar zirela jaso ere. Egitasmoa zazpi hilabete beranduago abian jarriko zen, 1918ko irailean eginiko Oñatiko bilkura esangura-tsuaren ondoren, hain zuzen.
Proposamen horrek lehenagotik zetorren gogo bati bidea ematea ahalbidetu zuen, une historiko esanguratsu batean. Izan ere, 1917ko martxoaren 11n eginiko lurralde hauteskundeetan, Bizkaian, Ramon de la Sota jeltzaleak hauteskundeak irabazi zituen, segidan, Bizkaiko ahaldun nagusi kargua hartuz. Ondorioz, alderdi jeltzaleak udalez gaindiko erakunde baten ardura hartu zuen historian lehenengo aldiz. Ahaldun nagusi izendatu berriaren asmoen artean zegoen: herritarren bizi-tza duintzea; herri-lanak indar-tzea; hezkuntza sare elebiduna sortzea eta orokortzea... euskara eta euskal kultura biziberri-tzea. Horrexegatik, 1918ko Oñatiko Bilkuraren sustatzaile eta geroko erakunde esanguratsuen eragile ez ezik sortzailea ere izan zen Bizkaiko Foru Aldundia, ahaztuxe badugu ere.