Síguenos en redes sociales:

Erabakiak hotzean hartu behar dira

Ibon Urrengoetxearen heriotza eragin zuten adingabeen portaera ulertzea ez da erraza... ez eta gertaeraren berotasunean, adingabeen erantzukizun penala arautzen duen Lege Organikoa aldatu behar dela iradoki-tzea ere. Nago, ezer gutxi konponduko dugula adingabeei erantzukizunak eskatzeko adin-tartearen zirimolan murgiltzen bagara, zuztarreko arrazoiak agerian laga eta konpon-tzen saiatu gabe. Izan ere, adingabe horiek, beraien familiek eta eremu hurbilak ez daukate zer esanik gertatu den horretan? Normala da goizaldeko ordu txikietan adingabeak kalean ibiltzea, areago lehenago antzeko gertaeretan zipriztinduta ageri direnean? Halako jokabideen jakitun zirenek zein eratako neurriak hartu zituzten halako jazoerak berriro gertatu ez zitezen? Ezen, aditzera eman denez gero, epaitegietara gurasoak lagunduta azaldu dira, edozein unetan atxilo hartu ahal zituztela jakin eta gero, hain zuzen... eta non zeuden guraso horiek adingabe horiek nahi zutena egiten ari ziren bitartean? Barakaldon, neska bat taldean bortxatu zuten adingabeen eremu hurbilak ez dauka zer esanik, azalpenik eman, desenkusatu beharrik gertatu denaren aurrean? Izan ere, gurasook baditugu eran-tzukizunak gure ardurapean dauden haur eta nerabeez ari garenean... eta horixe da gutxien azpimarratu eta gehienetan saihesten den kontua. Askatasuna ematea ondo dago, libertatearen bidelaguna eran-tzukizuna hartzea dela azpimarratuta. Kezkagarri iruditzen zait halako gertaera hitsen arrimuan, etorri berriekiko kontrako jarrera indartzen saiatzen garenean, ahaztuta, lapurreta eta lesio gehienen atzealdean, hemen edo hurbileko herrialdeetan jaiotakoak daudela. Eskolan egon beharko luketen, gurasoen kontrolik gabe kalez kale noraezean dabiltzan nerabe horiek dira niretzat kezka iturri... geroak are makurragoak diren jokabideetara eraman ditzakeelako, haien etorkizuna ezerezera eramanez, bidenabar nonahi eta nolanahi kalteak eraginez.

Pentsa dezagun helduok une oro eskaintzen ditugun ereduetan, gure jokabideekin, baieztapenekin eta balorazioekin gutxiesten ditugun eta garrantzirik ematen ez diegun gaietan... horiek direlako gure hurbilekoek ondoen ikusten, antzematen eta ikasten dituztenak. Ez! Ez diezaiogun sagarrondoari madaririk eska, are gutxiago erosotasunaren bila geure-geureak diren ardurak ezabatzen saia-tzen bagara. Hizpide ditugun jazoerak ez zaizkie debalde aterako adingabe horiei eta markaturik lagako ditu, betiko... baina oinarrietan, zuztarretan jarri beharko dugu begirada halakorik berriz errepika-tzerik nahi ez badugu gaur zein etorkizunean.