Bide antzuak
kataluniako hauteskundeak deitu aurretik, Kataluniako Parlamentuak baliatu dituen prozedurak eta, horien altzora, hartu dituen zenbait erabakik, eztabaidagarriak ez ezik, kolokan ere jarri izan dute horien zilegitasuna, bai eta aurrerabidea ere. Demokrazian kontua ez baita erabaki bakoitzaren atzealdean gehiengoa eskuratzea bakarrik, horiek lortzeko egiten diren urratsek ere badute beren garrantzia, halakoetan erabakigarria bihurtzen dena. Zerbaitek huts egin badu -eta ez da kontu txikia-, kosta ahala kosta alde bakarreko bideari eustea izan da. Izan ere, Katalunia ez dago lehen baino egoera hobeagoan, ez autogobernuaren, ez eta etorkizun hurbilean egin beharreko bidea jorratzeko orduan, gizartean erdietsi beharreko adostasun zabalaren ikuspegitik ere.
Baina alde bakarreko bidearen antzutasuna agerian geratu bada... beste horrenbeste esan liteke estatuak eta bera sostengatzen duten indarrek -politikoak, mediatikoak eta ekonomikoak- eraman duten bideari dagokionez. Sostengu zabala duten eskakizunei entzungor egiteak, denborarekin ezerezean geratuko direla uste izateak eta, halakorik jazotzen ez denean, gezurrekin, presioarekin, epaitegiekin, kartzelarekin eta neurriz kanpoko indarrarekin erantzuteak ez du inolako aterabiderik eskaintzen. Norbaitek sentimendu bat azpian hartu nahi bazuen, burujabetzaren aldekoei irakasbidea eman nahi bazien errealitatearekin egin du topo. Porrota izan du eta handia gainera!
Orain arteko bide antzuetan segi dezakete nahi adina denbora... baina orain artekoak eman du zezakeen guztia. Atakatik irteteko inoiz baino ozenago aldarrikatu behar da politikaren zeregina, elkarrizketaren eta adostasunaren bidez, gizartearen eskakizunei bidea emateak daukan garrantzia. Burujabetzaren aldekoak behartuta daude lubakiaren beste aldean daudenekin hitz egitera, beste horrenbeste beste aldean daudenak ere... elkarri bizkarra ematen segituz gero, gizartea zartatuko delako azkenean, konponbidea are zailagoa bihurtuz.
Herritarren borondateak PP alderdiaren estrategia ezerezean laga du. Azken horrek independentzia zaleak garai-tzea eta Espainian PP alderdia indartzea bilatzen zuen... eta Konstituzioaren erreformari ekiteko konpromiso lauso baten truke, 155. artikulua ezartzeko, PSOE alderdiaren laguntza eskuratu du. Bide antzua bilakatu da hori ere. Inoiz baino beharrezkoagoa da Konstituzioaren erreformari ekitea eta Espainia XXI. mendera igarotzea, aurreiritzirik gabe eta ikuspegi zabalarekin. Demokrazian sakontzea da gakoa. Horixe da bidea. Katalanek... euskaldunok, geure buruaren jabe izan nahi dugu. Zer izan nahi dugun... geure geroa erabaki nahi dugu ahalik adostasun zabalarekin, borondate hori izanik muga eta horma bakarra.