Atzokoan finkatuz
Gaur biharkoa bultzatu. Halaxe dio Sabino Arana Fundazioaren goiburuak... Eta erara dator, amaitzear dagoen 2017. urte honetan. Izan ere, aurten bete baitira 100 urte abertzaletasun demokratikoak udalez gaindiko herri-erakunde baten agintea eta gidatzeko ardurak eskuratu zituenetik, 1917ko martxoaren 11n eginiko hauteskundeak irabazi ondoren. Ondorioz, Balmasedako barrutitik aukeratua izan zen Ramon de la Sota Aburto izan zen Euskadiko lehenengo lehendakaria, hainbatetan berak izenpetzen zuen era gogoan hartuta.
Gaiak ez zukeen aparteko garrantzirik izango, baldin eta abertzaletasun historikoa XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran hezurmamitzen ari zen egitasmo politikoa, ekonomikoa, kulturala eta linguistikoa gauzatze bidean jartzeko urrats garrantzitsua bilakatu izan ez balitz. Ramon de la Sota eta bere taldekideak ez ziren Bizkaiko Foru Aldundiaz arduratu, besterik gabe, egitasmo zabala zekarten besapean: herrikideen bizi-baldin-tzak hobetu nahi zituen eta gure herria biziberritzea bila-tzen zuen egitasmo politiko sendoa.
Herritarren bizimodua errazteko herri-lanak (errepide-sarea, portuak eta abar) bultzatzea; euskara bazter batean uzten zuen eta gutxi batzuek baliatu zezaketen Hezkuntza sare baten aldamenean, Auzo Eskolen sorrera eta euskararen irakaskuntza sustatzea; Bizkaiko Foru Aldundiaren barruko zein kanpoko jardunean euskarari egiazko ofizialtasuna aitortzea; Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Arte Ederren Museoa, Oñatiko 1918ko kongresua ?Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sorrerak ekarri zituena? sustatuko zuen Euskal Kultur Batzordearen sorrera eta abar aipa litezke begirada eta arnas luzeko egitasmo haren inguruabarrean, gerora, gure herriaren garapenean garrantzi handikoak izan direnak.
Egitasmo haren altzoan baziren EAJ alderdiaren jardunean gerora helduleku gotor bilakatu izan diren ezaugarriak. Batetik, Euskal Herriaren garapena ahalbidetzeko, unean uneko egoerak eskaintzen zituen zirrikituak baliatzeko borondatea, betiere herri honi bere historiagatik dagozkion eskubideei uko egin gabe eta beroriei begira. Bestetik, aurreiritziak alboratuz, desberdinekin akordioetara iristeko jarrera sendoa, adostasun horiek herri honek aurrera egiten laguntzeko baliagarriak ziren (eta diren) neurrian. Azkenik, herri hau denboran berreraikitzen joateko, erakundetzearen aldeko apustu sendoa, foru aldundien gainetik zegokeen erakunde bat iradokiz, mugaz bi aldeetako harremanak sendotu beharra azpimarratuz, euskararen lurralde guztiak batuko zituen eta, euskara eguneratzeko eta zaintzeko ardurak hartuko zituen Euskaltzaindia bezalako erakunde baten sorrera bultzatuz, 1918 urtearen hasieran.
Kargua hartzeko ekitaldian beste alderdietako ordezkariek ez zuten parte hartu... Eta, hala ere, guzti-guztiei eskua luzatu zien, iraganean berak ordezkatzen zuen korronte politikoak sufritu zituenak Bizkaiko Diputazioaren atalburuan laga eta bizkaitar guztien alde eta onerako lan egingo zuela agindu ondoren.