Síguenos en redes sociales:

Denbora agortzen ari da

Astelehen honetan hasi da Alemaniako Bonn hirian klimaren aldaketari buruzko goi bilera berri bat. Bilkura une esanguratsu batean antolatu da. Batetik, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Parisen, 2015. urtean, klima aldaketari aurre egin ahal egiteko eginiko itunetik bere herrialdea aterako dela berretsi du. Izan ere, Donald Trumpen ustez, klimaren aldaketaren kontua AEBetako industriari kalte egiteko asmoz, Txinaren asmakizuna besterik ez da -halaxe eman zuen adi-tzera 2012. urtean-. Ondorioz, hartutako konpromisoak bertan behera utzi ditu eta, enplegua sortzea aitzakiatzat hartuz, hazkundea berrindartuko duela jakinarazi du, berotegi efektua eragiten duten isurketekin jarraituz.

Bestetik, XIX. mendearen erdialdetik hona, hots, Lurraren tenperatura tresneria modernoarekin jarraitzen denetik hona, egon den urterik beroena 2016. urtea izan da. Urte horretan Lurraren tenperaturaren batezbestekoak 1,1 gradu egin zuen gora, inoizkorik altuena izanik... eta, 1980. urtetik hona, tenperaturaren igoerak ez du etenik. Zazpi hamarkadetan egin diren neurketek frogatzen dutenez, atmosferan egun egon dagoen karbono dioxidoaren kontzentrazioa 800.000 urtean ez da inoiz egon. Urtea joan eta etorri, egoera larritzen ari da eta neurri eragingarriak orain hartzen ez badira, gerora, are larriagoak hartu beharko dira.

Oso urrun gaude Parisen 2015. urteko konpromisoak betetzetik. Nolanahi ere, erregai fosilen -batez ere, ikatza- ustiatzeak behera egin duelako eta energia berriztagarrien erabilerak gora egin duelako, egia da azken hiru urteetan isurketak mantendu egin direna. Nolanahi ere, gizateriak aldaketa klimatikoa eragiten duten gaien 50.000 miloi tona isurtzen segitzen du... eta Lurra ez da kapaz kopuru hori guztia xurgatzeko. Areago, krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta badira erregai fosilen erabilera berrartzea iradoki eta energia berriztagarrien kontua gerorako uztea proposatzen ari direnak.

Amildegira hurreratzen ari garen honetan, 2050. urterako isurketen %80 murriztu beharko lirateke, ondoko urteetan, Lurrak xurgatzen duena isurtzen duena baino gehiago izatera iritsiz... eta hala ere, tenperaturaren igoera ez da berehalakoan geldituko. Datozen hamarkadetan, beraz, muturreko fenomeno klimatikoak biziko ditugu, lehorte gero eta luzeagoak... eta uraren jabe izatea bilakatuko da gatazka berrien iturburu; euri jasa laburrak eta gogorrak pairatuko ditugu, nonahi eta nolanahi hondamendia eragingo dutenak; Lurraren lur-eremu zabaletan gosetea iltzatuko da, eremu horretan bizi direnak migratzera behartuz; gaixotasunak hedatuko dira; suteak ugarituko dira; kostaldeko lurrak itsasoak hartuko ditu gero eta sarriago eta iraunkorrago... horra hor panorama, ohiturak aldatzea, erantzukizunez jokatzea eta, neurri batean leuntzeko, denon aldetik bene-benetako konpromisoa eska-tzen dutenak.