Ilunpetik argira
PASA den mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran, Bilbon, ikasle-talde bat bizi ginen pisuan ate joka etorri ziren Espainiako poliziak gogoratzen ditut. Nire bila zetozen, lehenago atxilo harturiko batzuei eginiko torturen ondoren, nire izena azaldu baitzen. Oso gertu zegoen Indautxuko polizia-etxea. Gogoan dut beste bat eraman zutela izen berekoa, ni nintzelakoan... eta gupidarik gabe astindu zutela, oker zeudela konturatu eta libre utzi zuten arte. Ondoren nire txanda iritsi zen.
Institutu bateko gela bat zirudien. Argazki ugari ageri ziren horma-irudi batean, bai eta ETAren ikur handi bat, noizbait antzemandakoa, azpian EAJren eranskailua bat itsatsia zeramana. Aurrealdean, mahai txiki bat, atzealdean, komun bat eta ur zikina zuen bainuontzi bat. Aulki batean eserarazi ninduten... inguruan poliziak... galderekin batera kolpeak zetozen, etorri ere espero ez zenituen tokitik zetozen, harik eta lurrean amaitu nuen arte... ondoren, hala moduzko ariketak, kolpe gehiago han-hemen, ia arnasa eten arteko itoaldiak. Hala eduki ninduten goiza iritsi zen arte. Orduan ziegara eraman ninduten. Ez dakit zenbat denbora egon nintzen egoera hartan.
Halako batean, beste gela batetara eraman ninduten. Aurrealdean neukanak forentsea zela esan zidan, ez daukat jakiterik hala zen, ez baitzidan inolako agiririk erakutsi eta badaezpada ez bainion eskatu ere. Oinez egiteko zailtasunak nituela ikusita, ondo nengoen galdetu zidan... jazotakoa kontatu nion, ez zuen harridurarik erakutsi, idatzirik egin, ez eta ezer sina-tzeko agertu ere. Alde egin zuen gelatik. Segidan, ziegara eraman ninduten. Ez dakit zenbat denbora igaro ondoren, atxilo nengoen tokiko atea ireki eta ateratzeko esan zidaten. Handik, eraikinak erdialdean zeukan etxarte batetara irten eta kalera atera nintzen. Ez dit inork inoiz inolako azalpenik eman, ez eta egindakoagatik barkamena eskatu ere.
Herri honetan sarritan aritu gara ETA eta gisako taldeen basakeriez, eragindako kalteez eta biktimek erreparaziorako duten eskubideez... ez da indar bera erabili, ordea, herritarren eskubideak zaintzeko betebeharra zuten -eta hori oso da larria- polizia-indarrei eta erakundeei erantzukizunak eska-tzerakoan. Zor hori kitatzeko dagoen kontua da, bai frankismoak berak eragindako biktimei buruz ari garenean, nola baita demokraziaren hasierako urteetan, estatuko askotariko egiturek babestuta eta sustatuta, bere hegalpean, gertaturiko gehiegikeriei buruz ari garenean ere. Atal hori oso-osorik irakurtzea ere ezinbestekoa da, kapitulu hori ere noizbait ixtera iritsiko bagara!