Síguenos en redes sociales:

Historia desitxuratzen

Bide demokratikoak erabiliz herri batek bizirik irautea eta gainontzeko herrien alboan aitortua izatea bilatzen duen mugimendu politikoari, EAJri, zilegitasuna ken-tzeko jokabidea berrindartu da azkenaldion. Nagusikeriaz Espainiako aniztasuna ezerezean uzteko eginahalak egiten diharduen nazionalismoak bere izaera ukatzailea ezkutatu eta nazio txikien ahotsa ixilarazi nahi du, bere-bereak izan diren ezaugarriak inoiz halakorik izan ez duen abertzaletasunari leporatuz. Izan ere, norbaitek historian zehar euskal nazioa -beste nazio batzuk bezala- ukatu, hiztun-elkarte txikiak desagerraraztera kondenatu, kultura aniztasunari bizkarra erakutsi badio espainiar nazionalismoa izan da... eta da.

Auzo lotsa sorrarazten du Memoria Historikoaren Legeak jasotakoa betez Kale Izendegitik Errepublikaren kontra, hots, herritarrek erabakitakoaren aurka altxatu zirenen izenak, bide bazterretan edo hilerrietako hormetan jendea masakratzeko agindua eman zutenak... eta hamarkadetan Espainia diktadura anker baten mende laga zutenak, kentzeko horrenbeste eragozpen jartzen dutenak Sabino Arana jendaila horrekin lotu nahi izatea. Sabino Aranak ez baitzuen indarkeria baliatu ez eta aldarrikatu ere... eta bai, ordea, sufritu, herri hau ukatu nahian ari zirenen aldetik.

Arrazaren inguruan Sabino Aranak esanikoak bere esangura errealean eta testuinguru historiko egokian -eta ez gaurko begiokin- aztertzea komeni da... eta hau ere etengabe desitxuratzen da, are gehiago hamarkadetan, ia atzo arte, Arrazaren Eguna ospa-tzeko inolako erreparorik izan ez dutenen aldetik... orain ikurrinaren txanda heldu da, mugaz bi aldeetako euskal herritarrak elkartzen gaituen ikurra ETAk eginikoekin lotu nahi izan denean.

Arana anaiek bandera batean egin, irudikatu edo gauzatutako ikurra, ikurrina, jazarria izan zen hasiera-hasieratik, batzuek kosta ahala kosta ezarri nahian ari ziren Espainiaren ikuspegirako arriskutsutzat jotzen zutelako. Sortuz geroztik, ikurrina denbora luzeago egon da debekaturik lege barruan baino... bera eramatearren jendeari isunak, kartzelaldiak, erbesteraldiak eta abar ezarri zaizkio... bera zeramaten Jose Antonio Agirrek gidaturiko Eusko Jaurlaritza babesten ari ziren gudari gehienek... eta bera da Nafarroan oraindik aldez edo moldez jazartzen segitzen dena.

Iraganean herri honek bizirik iraun zezan eginahalak egin zituztenei, desagertu nahi ez zutenen oroimenari zor ezin dira herri honen ezaugarriak ankerkeriarekin edo ezarpenarekin inola ere lotu! Are gutxiago, herri honen existentzia etengabe zalantzan jartzen dutenen aldetik.