Kontraesanez beteriko mezua
Izango da Espainiako estatuburuaren gabonetako mezua gutxiesten eta aintzakotzat ez hartzea iradokitzen duenik. Nolanahi ere, erregeak esandakoak Estatuko goi egituren iritziak eta aurrerabideak ezin hobeto islatzen ditu. Dio gaurko Espainian ezin kabitu daitekeela besteen iri-tziak baztertzea, intolerantzia eta bazterkeria... eta hori adierazteaz batera, azpimarratzen du Espainiako batasunari eutsi behar zaiola tokian tokiko aldarrikapen eta desirak gorabehera.
Espainiaren batasuna ez da betidanik existitu izan den zerbait. Idealizatu, kosta ahala eutsi nahi zaion batasun hori, historian zehar bortxaz ezarria izan den kontua izan da, tokian tokiko egiturak ezabatuz, baztertuz eta desagertzera kondenatuz... batzuek azpimarratzen duten eran batasuna inoiz borondatez gertatu izan balitz ere, bere horretan mantentzea ere borondatezkoa izan beharko luke, herritarrek aldiro agertzen duten hitza eta erabakia errespetatuz, eta, ez da horrela izaten ari! Espainiaren batasunak barruratzen duen aniztasunaren ukazioa du oinarri.
Gaineratzen du desberdin pentsatzen dutenak ezin direla jazarri... Eusko Legebiltzarraren erabakiak eta eskumenak, Kataluniako Legebiltzarrak demokratikoki erabakitakoak babestu dituztenak zigortu eta auzitegietara eraman direnean, bidenabar Espainiako estatuburuak atzamar bat mugitzen ez zuela. Herritarren borondateak isla-tzen dituzten Legebiltzarren jardunaren arteko talka leun-tzen eta bideratzen lagundu ote du? Ustez, indarrean dagoen araubideak ematen dion eginkizuna betetzeko gaitasunik ere ez du erakutsi. Loreontzi baten antzean, erregea egonean, eroso dago Espainiaren indarraren altzoan... eta gainerakoei etsi-tzea baino beste aukerarik ez die uzten. Elkarrizketaren eta adostasunaren premia aldarrikatzen du... hitza ukatzen eta erabakiak alde bakarreko erabakiz inposatzen dituen Estatu baten ordezkaririk gorena denak!
Herritarrek dituzten zailtasunak ditu hizpide... inoiz estutasunik igaro behar izan ez duenak. Inoren kontura bapo bizi denak; Ustelkeria du aipagai, horren kontra ezer egin ez duenak... eta inguruan -senideak barne- gertatzen zirenen aurrean beste aldera begira egon denak; Jardunaren amaieran Estatuan ofizialkide diren lau hizkuntzak baliatzen ditu... Estatuak berak hizkuntza horiek lehengora-tzeko, biziberritzeko, dagokien tokia izateko, inolako ahaleginik egiten ez duenean. Nago estatuburuak dakiela berak esanikoek ez dutela herritarren artean sinesgarritasunik oro har... eta errealitatearekin ezkontzen ez diren hitz horiek herritarrei zailtasunak eragin, herritarren nahiak eta itxaropenak ezinean itotzen dituztenen elikagai ez besterik direla.