Síguenos en redes sociales:

Berrogeita hamaika

Duela berrogeita hamar urte pasatxo, frankismoak ezarritako debekuei, inposizioari eta jazarpenari izkina eginez, euskara eta euskal kultura sustatu nahi zuen talde batek Durangoko Azoka jarri zuen abian. Talde horrek errealitate linguistiko eta kultural bat gizarteratzea, ikusaraztea, itzala ematea eta bultza-tzea bilatzen zituen, gure gizartean erronka handiei erantzuteko erabiltzen dugun lan egiteko modua ardatz hartuta, auzolana, hain zuzen. Harrezkero, Durangoko Azoka bilakatu da euskal kulturgintzaren katalizatzaile, bai eta eginiko bidearen erakusleiho ere.

Izango da Durangoren inguruabarrean horrenbeste ekinaldi, aurkezpen zein argitalpen bideratzea kritikatuko dituenik eta urtean zehar agerraldi gehiago egin behar direla azpimarratuko dituenik ere. Nolanahi ere, gure txikitasuna -ez gutxi ekoizten dugulako, gure gizartea txikia delako baizik- kontuan hartuz, halakoak egiten segitzea garran-tzitsua da, nire ustez. Besterik ez bada, Durangoko plazak euskarazko askotariko produktuak bistaratzeko aukera ezin hobea ematen duelako.

Gaurkotu beharko du, sortzaileekiko harremanak estutu, belaunaldi berrietara iristeko ahaleginak biderkatu... eta misio hori betetzeko, beharko du herritarren, elkarte zein erakundeen babesa... bai eta baliabideak ere. Iraun nahi duenak berritzeko borondatea barruratu eta baliabideak behar baititu... bakarrik... ezin izango duelako, beraz, denon laguntza beharko du urratsak egiten segitzeko. Durangoko Azoka herri egitasmo bat da zerbait baldin bada -bere argi-ilunekin- eta halaxe hartu beharko genuke gu-guztiok gaur zein etorkizunean.

Euskarak eta euskal kulturak asko egin dute aurrera, bereziki EAEn, autogobernu erakundeak berreskuratu ondoren, haien erabaki eta babes neurriei esker. Nolanahi ere, komeni da sekula ez ahaztea baliabide urriagoak, zailtasun handiagoak zeudenean zein bestelako egoera bat etorri denean, elkarte, erakunde zein herritar ugarik egin duten ekarpena. Euskararen eta euskal kulturaren indarberritzea prozesu sozial baten emaitza, gaurko zein etorkizuneko gizartearen esku hartzearen ondorioa bilakatzea komeni da baldin zuztarrik, atxikimendurik eta indarrik izango badituzte... eta horretan herri-erakundeak bidelagun izan behar dute egun direna bainoago, protagonismo antzuak eta errealitatea desitxuratu dezaketen irudi kanpainak alboratuz.

Euskarak eta euskal kulturak konpromiso sendoak behar dituzte dauden atakatik, dituzten erronkei, aukerei helduko badiete... eta ez... ez dituzte behar inolako aurrerabiderik, batzuen utzikeriaren estalpe bihurtzen diren sasi-adostasunak... aurrera egiten laguntzen digun adostasuna baita bene-benetan baliozkoa eta eragingarria dena.