Síguenos en redes sociales:

Euskal elkargoaren garrantzia

2017ko urtarrilaren batetik aurrera Ipar Euskal Herria bere osotasunean lehenengo aldiz hartuko duen erakunde berri batek lehenbiziko urratsak emango ditu. Euskal Elkargoa da sortuko den erakunde berri horrentzat proposaturiko euskal izena. Izan ere, oraingoz frantsesez jaso baitu izendapena. Erakunde berri honek Ipar Euskal Herrian barreiaturiko tokiko herri-elkargoetan -mankomunitatea da Hego Euskal Herriko egiturekiko hurbilen dagoen egitura- barreiaturik dauden zenbait eskumen barruratuko ditu... bai eta, hizkuntza eta kultura indarberritzeko asmoz, toki esanguratsua ere... ez erabatekoa, erakunde desberdinek baitituzte zeregin desberdinak. Haatik, Euskal Elkargoak joka dezakeen papera ez da gutxiestekoa.

Frantziaren Iraultzaren ondoren eskualdeetako hizkuntzak eta kulturak ezabatzeko politika garatu zen Estatuaren aldetik. Herritarrak behar ziren berdindu, homogeneizatu, besteak beste, hizkuntza eta kultura bakar baten inguruabarrean. Gauzak horrela, herritarrek nagusitasunez balia-tzen zituzten hizkuntzak mespretxatu eta zokoratu ziren... jazarpena horrenbestekoa izan da non Frantzian dauden eskualde-hizkuntzek hiztunak eta erabilera-eremuak galdu dituzten etengabe. Testuinguru horretan, Ipar Euskal Herrian euskararen egoera ez da salbuespena, aldiro argitara ematen diren Inkesta Soziolinguistikoek erakusten digutenez.

Euskara gainbehera doa Ipar Euskal Herrian. Egia da, azken urteetan galera hori apaldu dena, bereziki eskola elebidunaren ekarriari eta Ikastolek bultzaturiko murgiltze-ereduari esker... baina odoljarioak ez dauka etenik. Euskara indartsuen egon den eremuetan apaltzen ari da; hiztun berriak elebidunak dira, frantsesez are hobeto moldatzen dira, frantsesez ari diren harreman-sareak dituzte, ikasketak euskaraz erabat burutzeko aukerarik ez dute, euskara oso ahul edo ia desagertuta dagoen eremuetan bizi dira eta abar. Egoera ez da mementoz itzulezina... baina oso denbora laburrean neurri eragingarriak hartu behar dira gure hizkuntzari etorkizuna ziurtatu nahi badiogu.

Egia da, bestalde, azken urteetan, euskara indarberritzeko asmoz, egiturak eta baliabideak ugaldu egin direna... baina erronka horren da handia, egoera horren da zaila non orain arte egindakoa ez den nahikoa izaten ari. Erlojuaren kontra ari gara... denbora ez doa gure alde kontra baizik. Euskararen aldeko neurriak azkartu, baliabideak biderkatu, herri-erakundeen eta euskararen eremuan lanean ari diren elkarteen arteko lankidetza indartu, euskarari nolabaiteko ofizialtasuna aitor dakion eskatu behar dugu... esperantzarako tarterik, leihorik izango badugu.