Síguenos en redes sociales:

Hartu, tenka eta tira!

Hartu, tenka eta tira!

Frankismoak ezarririko gau ilunean, joan den mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan, diktadurak ezabaturiko ikastolen mugimendua birsortzeko lehen urratsak ematen hasi ziren. Klandestinitatean, guraso batzuen etxe eta lokaletan, euskara, euskal kultura eta pedagogia berritzailea ardatz hartuz, herri honen parte esanguratsu batek hezkuntza-eredu propio baten aldeko aldarria hartu zuen... zailtasunen eta ezintasunen aurrean ardurari eutsi zion, irakasleak topatuz, lehenbiziko materialak sortzeko oinarriak ezarriz. Euskarak eta euskal kulturak aurrerabiderik izan badute pertsona ausart haiei zor zaie, hein handi batean.

Irakaskuntza elebiduna, euskara ardatz har-tzen duen eredu eleaniztuna, euskara eskola barruan zein kanpoan erabilia izan dadin ardura, ikasmaterialetan eginiko ekarpen izugarria... euskararen eta euskarazko irakaskun-tza nekez uler daitezke Ikastolek hamarkadetan egin duten ekarpena kontuan hartu gabe. Are nabariagoa da ekarri hori eremu ez-euskalduntzat harturiko tokietan, aspaldi euskara eguneroko bizitzatik desagertua egon den eremuetan. Euskara berrindartzearen atzealdean ikastola-ereduak hamarkadetan egin duen ekarpena dago, duda izpirik gabe.

Euskarak eta euskal kulturak herritarren atxikimendua eta parte hartze aktiboa behar dituzte, bai eta aldeko giroa, aitortza eta bitartekoak herri-erakundeen aldetik ere, bestela batzuen ahalegina itotzeko arriskua dago eta. Inguruabar horretan, komeni da beste gizarte batzuetan baliatzen den eskema, eskolak pribatuen eta publikoen artean bereizten dituena gaindi-tzea. Gurean, batzuek nahi ala ez nahi, hiru sare baitaude. Batetik, irakaskuntza publikoa. Bestetik, gizarte ekimenak sortu eta garatutako sarea, hots, Ikastolak. Azken sarea irakaskun-tza pribatuak osatzen duena da. Ondorioz, gure hezkuntza-sistemari buruz jardutean, hiru sareak kontuan hartzea komeni da, sare bakoitzak sistema osoari egin eta egiten dion ekarria neurrian balioztatuz eta, ahalik eragingarriena izateko, bitarteko publikoak esleituz.

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko agintarien aldetik urtetan Ikastolek bizi behar izan duten zokoratzea ezabatzea komeni da, gurasoek egin duten hautua errespetatuz eta euskarazko eta euskararen irakaskuntzari aitormena emanez. Beste eredu batzuei ematen zaizkien erraztasunak, berdintasunezko tratua ematea garrantzi handikoa da, aurreiritziak gaindituz... justizia kontua da hori, ez besterik. Halaber, komeni da EAEn Hezkuntza Lege berri bat hezurmamitzea, iraganetik datorren askotariko errealitateak egokitasunez hartzeko eta Hezkuntza, horren barruan Hezkuntza administrazioa, XXI. mendera ekartzeko. Bada sasoia, beraz, Espainiatik eta Frantziatik edaten duten kopia txarrei bizkarra erakusteko eta eredu propio eta beregain baten aldeko hautua egiteko.

Inoiz baino aukera handiago dugu hezkun-tzak plazaratzen dizkigun erronkak geure gain hartzeko, eta tenka egiteko, gizartearen berreraldaketa gerta dadin indarrak batuz eta tiratuz.