Síguenos en redes sociales:

Zozoak beleari?

Hilabeteak eta bi hautetsaldi egin ondoren, Espainiak Gobernu berria osatu ezinean segitzen du. Oraingoan, PPko zerrendaburuak ez du behar duen gehiengoa eskuratu. Ondorioz, beste bi hilabeteko aldia ireki da... ez dirudi, ordea, irailaren 25erako deituta dauden hauteskundeen emaitzen ostean korapiloa askatuko denik. Izan ere, PP alderdiak ez du Kataluniako eta Euskadiko alderdi abertzaleak abstentziora irristatu daitezen inolako saiorik egin. Aitzitik, aurreko legealdian erabateko gehiengoarekin erakutsi duen jarrerari eutsi dio eta, gobernua funtziotan egon arren, Kataluniak eta Euskadik harturiko erabakiak eta autogobernua jazartzen segitu du. Ematen du Espainiako lau alderdi nagusi-etatik gutxienez hiruk Euskadiko eta Kataluniako abertzaleak egongo ez balira jardun nahi dutela.

Gauzak dauden eran, PPk gobernatzen segitzeko ala PSOEk daukan aukera baliatu ahal izateko, alderdi abertzaleen nolabaiteko parte hartzea ezinbestekoa da... baina bi-biak txeke zuri bat eskatzen ari dira, beraiek erakusten ez duten erantzukizuna, egonkortasuna edota eskuineko politikei ateak ixtea goiburu hartuta.

Barruratzen duen aniztasuna onartzeko eta Kataluniaren eta Euskadiren nazio izaera, herritarrei hitza eta erabakia aitor-tzeko sakoneko arazo bat dauka Espainiak... eta eskakizun horien bizkarra erakutsi nahi die estatuaren egiturak indartuz eta tokiko autogobernu erakundeei eraso eginez. Gauzak horrela, ez da harritzekoa EAJ alderdiaren presidenteak esatea Espainiako gobernagarritasuna eskumen batzuen truke lagun-tzeko aldia igaroa dela.

Izan ere, hogeita hamar urte pasatxo dira Gernikako Estatutua onartu eta Espainiak bete gabe segitzen duena. Espainian gehiengoak eratzeko, EAJren laguntza behar izan denean, autogobernuan aurrerapenak gertatu dira... baina alderdi nagusiek gehiengo nahikoa izan dutenean lehengo jarrerara bueltatu dira, eskumenak baldintzatuz, jarduna oztopatuz eta mugatuz... sakoneko jarrera aldaketa, begirunea eta leialtasuna behar dira Espainia gobernatu nahi duten alderdien aldetik. Bestela alperrik ari gara!

Nazio izaeraren aitortza, aldebikotasuna, eskumenak errespetatzea eta autogobernuan sakontzea horra hor irailaren 25eko hauteskundeen ostean irekitzen den aldirako ardatzak, ahaztu gabe eguneroko jarduna, kudeaketa eragingarria, herritarren eta pertsonen beharren zerbitzura egongo dena. Beharbada, Euskadin bestelako aliantzak hezurmamitzeko aukera izango da baldin zuhurtasunez, erritmoa zainduz, epe luzera begira-tzeko gauza bagara. Horretarako, denok gainditu beharko ditugu iraganeko ajeak eta erosotasunak, deserosotasun berriak onartuz; XXI. mendeari begira, egitasmo berritzaile bat eraikiz.

Miraririk gertatu ezean, Espainian hirugarren hauteskundeen mehatxua hor egongo da, aukera soil hori azpimarratzeak PP indartzen eta PSOE ahultzen du eta, sozialistak ez baitira gauza gobernu aldaketa ahalbide-tzeko... eta hirugarren hauteskundeak egingo balira, PSOEk are ahulago eta buruzagitza kolokan duela ekin beharko bailioke aldi berriari.