Elegante
ELEGANTEA izatea zer den galdetu dit alabak. Ez dakit non entzun duen elegante hitza, arropen iragarkiren batean seguru aski. Burura etorri zaidan lehen irudia ondo jantzitako emakume bat izan da, baina konturatu naiz boteprontoan etorri zaidan irudi hori, bizitzan ikusi ditudan milaka iragarkiek eragindakoa dela, buruan itsatsita ditudan Korteinglesaren milaka mezuren ondorio. Izan ere, ondo pentsatuta, benetan dotore edo elegantea izatea ez baitago hain hertsiki erlazionatuta janzten dituzun praka, jaka edo gonekin. Alabari erantzun aurretik, beraz, niretzat elegante hitzak benetan duen esanahiaz pentsatu dut.
Orduan gogoratu dut hileta batean entzundako esaldia: Elegante joan da, esan zuen hildakoaz haren lagun batek. Eta argi dago lagunak ez zuela haren janzkeraz hitz egin nahi, bizitzan izandako jarreraz baizik. Adibidez, pertsona elegantea ez da txikikeriengatik haserretzen, besteen akatsak barkatzen daki, eta norberarenak besteen aurrean onartzen; pertsona eleganteak besteak lagunduko ditu bueltan ezer eskatu gabe eta bere eskuzabaltasunaren publizitaterik egin gabe; pertsona eleganteak hitz egiten utziko dio aurrean duenari, eta en-tzun egingo du esaten duena; pertsona elegantea kapaz da gaixorik edo gaizki pasatzen egon arren, besteei irribarre bat eragiteko; pertsona eleganteak ez du besteengandik gaizki esaka ibiltzeko kirola maite; pertsona eleganteak zabalik izaten du eskua, eta burua, eta badaki noiz egon behar duen presente, eta noiz desagertu behar den eszenatokitik.
Ingurura begiratu dut alabari eran-tzun baino lehen. Dendetatik sartu eta irten dabil jendea, erosketa poltsak eskuetan. Beherapenak hasi dira. Alabari esan diot ez dakidala ziur zer den elegantea izatea, baina ez dezala sinetsi inoiz dotorezia denda batean erosi eta plastikozko poltsa batean eraman daitekeenik. Ondoren, Zara-ra sartu gara, praka berriak behar ditu eta.