Síguenos en redes sociales:

Sentsazio onak

LIGA txapelketako sei jardunaldi jokatu dira eta Athleticen zenbakiak aztertuta ezin geinke esan zuri-gorriek hasiera ona emon deutsoenik Liga Txapelketari. Taldea sailkapeneko behekaldean dago bost partidutan garaipen bakarra eskuratuta. Edozelan be, ez ginateke zuzen ibiliko azterketa kuantitatiboan bakarrik geratuko bagina. Analisi kualitatibora igarota, Ernesto Valverderen taldeak sentsazio onak transmititu dauz orain arteko partiduetan, Eibarren eta Vila-realen kenduta. Beraz, aurtengo egoerak ez dauka zerikusirik iazkoagaz, lehen jardunaldietan lortutako puntu uztea urria izan arren. Baikor egoteko arrazoiak egon badagoz, baina garbi dago puntuak pilatzen hasi behar dela, antsiedadearen besoetara hurreratu baino lehen.

Puntu bakarra eskuratu eban Athleticek Anoetan Realaren aurka. Ernesto Valverderen gizonek ez eben partidu itzela jokatu baina lehiakideetako batek garaipena merezi baeban hori Athletic izan zen. Zuri-gorriek itxura sendoa emon eben Donostian eta etxeko taldeak ez eutson burukomin handirik sortu Gorka Iraizozi azken minutuetako estualdia kenduta. Lehenengo zatian batez be, Athletic etxeko taldea zela emoten eban, lehiakide bien jokoa eta jarrerea ikusita. Bateren batek esan leike zuri-gorriek aukera bikaina galdu ebela hiru puntuak eskuratzeko Anoetan. Baleiteke egia izatea, baina inoiz be ezin da gutxietsi Realaren zelaian lortutako puntu bat.

Derbi baten edozer gertatu daiteke eta Donostian gauza asko ikusitakoak gara. Larrazabal atezain, esate-baterako. Arbitroaren lanaren ganean jarduteak ez dau aldatuko derbian izandako emaitza baina argi esan daiteke Velasco Carballoren lana erabagigarria izan zela norgehiagokan. Epailea eta Realeko entrenatzailea kenduta, beste mundu guztiak penalti garbia ikusi eban Illarramendi eta Adurizen jokaldian. Mutrikuarrak eskubaloiko atezaina emoten eban. Valverdek aitortu eban legez, jokaldi erabagigarria izan zen, ezelako zalantza barik. Athleticek markagailuan aurreratzeko aukera izango eban eta Reala hamar jokalarigaz geratuko zen bigarren zati osorako. Iraganeko kontuak dira.

Anoetan ikusitakoaren ganeko hausnarketa batzuk: Athleticen atzealdea sendo agertu zen partidu osoan, Aymeric Laporte eta Xabi Etxeita batez be. Oscar de Marcosek asko emoten deutso taldearen erasoko jokoari baina arabarrak hutsune nabarmenak erakusten dauz defenditzeko orduan. Ez da atzelaria eta igarri egiten jako. Zelai erdiari jagokonez, itzela barriro be Beñat Etxebarriaren lana. Raul Garciaren ekarpena hobea izan beharko li-tzateke. Atlético de Madrideko jokalari ohiak ia minutu guztiak jokatu ditu Bilbora iritsi zenetik baina bere errendimendua ez da ona izan, lehenengo partidukoa kenduta. Fisikoki be, ez dau emoten sasoi betean dagoanik. Ganera, nafarraren etorrerak ordezkoen aulkira eroan dau ordura arte lan ona egiten ebilen Jabi Eraso.

Iñaki Williams eta Ander Iturrasperen itzulerea izan da Anoetako derbiko albisterik onenetariko bat. Jokalari bi honeek asko aberastu leikie taldearen erasoko jokoa. Iturrasperik onena behar dogu zelai erdian Beñat Etxebarriagaz batera. Beste alde batetik, Williamsek bizitasun handia emongo deutso erasoko jokoari.

Europako Leagueko partidua dator eguenean. Ernesto Valverdek hamaikakoa errepikau eban Real Madrid eta Realaren aurka eta garbi dago aldaketak egongo direla Holandan. Egin beharreko aldaketak hain zuzen be. Talde bat ez dabe hamaika jokalarik osatzen, plantila osoak baino. Ez gaitezan geratu emaitzari begira bakarrik.