Ezusterako aukera barik
DENBORALDIKO bigarren partidu ofiziala jokatuko du etzi Athleticek Bakun. Aurreko denboraldiko sailkapenean zazpigarren geratu ostean, zuri-gorriak oso goiz hasi dira lehiaketako partiduak jokatzen, lehen mailako gainerako taldeak lagunarteko partiduak jokatu eta sasoia hartzen ari diren bitartean. Kontuak kontu, UEFA Europa League txapelketako hurrengo kanporaketarako txartela dago jokoan eta Ernesto Valverderen gizonek ezin dute huts egin. Bai ala bai eskuratu behar dute hurrengo faserako txartela. Ez dago aitzakiarik.
Athleticek ez du partidu erosoa jokatuko etzi Bakuko Shafa Stadiumean. Bero itogarria jasan beharko dute eta zelai artifizialean jokatuko dute bertako zaleen babesa izango duen Interren aurka. Dena den, San Mamesen jokatutako joaneko partiduan ikusitakoaren arabera, Valverderen gizonek ez lukete inolako arazorik izan behar kanporaketa gainditzeko. Batetik, gol biko abantaila dute eta bestetik, Bakuko Interrek oso maila apala erakutsi zuen San Mamesen. Hori bai, zuri-gorriek konzentrazio osoz ekin behar diote lehiari lehenengo minututik, ezustekorako aukera txikiena saihesteko asmoz.
Aurreko ostegunean San Mamesen jokatutako partiduak ondorio batzuk ateratzeko aukera eman zigun. Javi Erasok asko emango dio taldeari denboraldi honetan. Valverdek berak lehia amaitu ostean aitortu zuen legez taldeak golak sartzen dituzten jokalariak behar ditu eta Erasok erakutsi du zorroztasun handia duela aurkariaren ate aurrean. Gainera, fisikoki oso indartsua da eta asko laguntzen dio erdialdeari defenditzeko orduan.
Erdialdeko jokalariekin jarraituta, Beñat Etxebarriak ederto ekin dio denboraldiari. Arratiarraren oinetatik igaro ziren zuri-gorrien eraso guztiak eta pentsa dezakegu 2015-2016 Beñat Etxebarriaren denboraldia izango dela. Ondorio positiboekin bukatzeko, Xabi Etxeitak ohiko sendotasuna erakutsi zuen atzealdean, Balentziagak ondo lagunduta.
Erasora begira, berriz, Athleticek gabezia handiak erakutsi zituen, hegaletatik batez ere. Analisiarekin jarraitu aurretik, esan beharrekoa da Bakuko Interrek bederatzi gizon pilatu zituela bere area aurrean eta ez zela batere erreza izan zirrikituren bat aurkitzea giza hesi horretan. Aritz Aduriz ondo lotu zuten Interreko hiru zentralek. Hegaletatik, eta ezkerretik batez ere, Athleticek ez zuen arriskurik sortu. Ibai ezinean ibili zen partidu osoan. Markel Susaeta ere ez zen oso fin ibili. Ernesto Valverdek arazo bat du hegaletan, are gehiago Iñaki Williams lesionaturik egonda. Athleticeko entrenatzaileak esan du oraindik ez dutela erabaki Sabin Merinok lehen mailan ala Zigandaren aginduetara jokatuko duen. Urdulizkoak partidu ona jokatu zuen Osasunaren aurka Sadarren eta egia esateko albiste bikaina izango litzateke Valverderen aginduetara aritzea denboraldi honetan. Ikasturtea luzea da, zuri-gorriek hiru lehiaketa jokatuko dituzte eta Sabinen ekarpena baliotsua izango litzateke. Ez dugu ahaztu behar 18 gol sartu zituela aurreko denboraldian. Jokalari indartsua da eta bestalde, lehen taldean hegaletatik jokatzen dutenek -Ibaik eta Viguerak batez ere- ez dute gauza handirik erakutsi.
Denboraldi hasiera gogorra bezain erakargarria du aurretik Athleticek. Gauza politak egiteko gauza dela erakutsi du Valverderen taldeak baina horretarako zuri-gorriek garbi izan behar dute intentsitate itzela erakutsi behar dutela lehen minututik. Horixe da bidea.