Síguenos en redes sociales:

Mila esker Ando

aLBISTE txarra jaso genuen atzo Athletic zaleok. Taldeko jokalari garrantzitsuenetakoak ez du jarraituko hurrengo denboraldian. Espero zitekeen albistea izan arren, Andoni Iraola Sagarnak hutsune handia utziko du Athleticen. Zelai gainean bere kalitatea ikaragarria bazen, handik kanpo ere onenen artean zegoen. Ondo gogora-tzen dut Valverdek Iraola, Endika Bordas eta Jonan Garcia deitu zituenean Bilbao Athleticetik lehen taldera. Beste biek ez zuten zorte handirik izan baina usurbildarrak bide oparoa hasi zuen. Andoni Iraolak duen bertuteetako bat nabarmentzekotan, bere apaltasuna litzateke. Atzo Lezaman eman zuen prentsaurrekoan ere, lotsatu egin zen kazetari batek mezu bat eskatu zionean Athleticen harrobian ari diren mutilentzat. Zaratarik egin barik eta esan beharrekoa bedar gainean esanda, Iraolak ibilbide eredugarria osatu du Athleticen. Behin, gizon bat hurbildu zitzaidan San Mames inguruan, nire semeak Iraolaren elastikoa zeramatzala ikusita. “Andoni Iraolaren aita naiz” esan zigun harrotasunez beterik. Badu arrazoirik harro egoteko, bai.

Bostehun eta zazpi partidu Athleticen, sekulako erregulartasuna erakutsita. Izan ere, denboraldi guztietan berrogei bat partidu jokatu baitu batez beste. Lau urte eman ditu Valverderen aginduetara, beste lau Caparrosekin eta bi Bielsarekin. Mendilibar, Clemente, Sarriugarte eta Maneren aginduetara ere aritu da eta guztiek jarri dute hasierako hamaikakoan. Manek, gainera, taldearen lema eman zion zelai erdian aspaldiko unerik zailenetan. Sarritan komentatu izan dugu atzealdeko eskuin hegala ote zen lekurik egokiena Iraolarentzat haren dohain tekniko bikainak ikusita.

Bartzelonaren aurka jokatu zuen bere lehen partidua Athleticen elastikoarekin eta talde blaugranaren aurka jokatuko du azkena. Eskuz binakako txapelketako finalaren atarian esaten zen pilotak txapel bat zor diola Pablo Berasaluzeri. Bada, futbolak titulu bat zor dio Andoni Iraolari. Amaiera bikaina litzateke Messi eta enparauak menderatzea Kopako finalean. Andoniri zorterik onena opatu ondoren ea laster Gurpegiren kontratuaren luzapenaren berri jasotzen dugun. Biak batera galtzea gehiegi litzateke. Eskerrik asko, Ando!